Mundua -

Entzuketen eskandalua

Brooks: 'News of the Worldek detektibe pribatuak erabili zituen'

'News of the Worldek' ustez entzuketa sistematikoak egin zituen urteetan zehar.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rebekah Brooks News Internazionaleko idazkari delegatu ohiaren hitzetan, informazioa lortzeko detektibe pribatuak erabili zituzten News of the Worlden, bera zuzendari izan zen bitartean. Horiek izan dira Brooksen adierazpenak Erresuma Batuko Parlamentuan egindako agerraldian.

Dena den, Brooksek zehaztu duenez, 90.eko hamarkadan eta 2000 urteko hasieran Erresuma Batuko prentsa hedabide gehienek detektibeak erabiltzen zituzten, baina datuen konfidentzialtasun lege berriak zirela eta, bertan behera utzi zuten erabilera hori.

Brooksen esanetan, 2003an The Sun egunkariko zuzendaria izendatu zutenean detektibeen erabilera utzi zuen. Halaber, Murdochen konfiantzazko laguntzailearen hitzetan, inoiz ez zien nahita poliziei ordaindu.

Brooksen arabera, 2010ean ezagutu zituen News Internationalek News of the Worldeko legez kanpoko entzuketen nondik norakoak, eta orduan "azkartasunez eta modu eraginkorrean" ekiteko erabakia hartu zuten. Entzuketa horiek eskandalu handia sortu dute Erresuma Batuan zein nazioartean.

Brooks Komunen Ganberako Hedabideen Batzordearen aurrean agerraldia egin du gaur, Rupert Murdoch News Corporationeko presidentearen eta horren semearen ostean.

Kazetaria, Ruphert Murdochen konfiantzazkoa, igandean atxilotu zuten bederatzi orduz News of the World egunkariak ustez legez kanpo egindako entzuketen harira. 2002 eta 2003 urteen artean zuzendu zuen egunkaria, eta epe horretan hildako neska baten mugikorra zelatatu zuten.

News of the World egunkarian gertatutakoa "izugarria eta itzela" izan da, esan du Brooksek Parlamentuan publikorik gabeko gela batean, Rupert Murdochek kalterik gabeko erasoa jasan ostean.

Esklusibak lortzeko legez kanpoko entzuketak baimentzea eta poliziei ordaintzea egotzi zioten 43 urteko Brooksi igandean atxilotu zutenean.

News Internationalen kontseilari delegatuak dimisioa eman zuen ostiralean. News Intrenational Murdochen enpresen barne dago, The Sun, The Times eta The Sunday Times egunkariak bezala; halaber, BSKyB telebista katearen % 39 Murdochena da.

Antza denez, News of the Worldek legez kontrako entzuketak egin zituen urteetan zehar; jende ospetsuen, kazetarien eta pertsona arrunten mugikorrak zelatatu zituzten.

2006an espioitza hori ezagutu zen, baina Poliziak ikerketa itxi zuen.

Orain dela aste gutxi, 2002an hildako neska baten mugikorra erabili izan zutela kaleratu da, Rebekah Brooks hedabidearen zuzendari zenean.

Hala ere, Murdochek Brooks babestu du bere agerraldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea