Mundua -

Koronabirusa

Trumpek larrialdi nazionala ezarri du AEBn, koronabirusari aurre egiteko

Erabaki horri esker, 50.000 milioi dolar (45.000 milioi euro) desblokeatu ahal izango ditu funts federaletan koronabirusari aurre egiteko.

Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump, AEBko presidentea.
Donald Trump, AEBko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak "larrialdi nazionala" ezarri du ostiral honetan herrialdean, Europatik doazen hegaldiei jarritako debekua indarrean sartu baino ordu batzuk lehenago, eta, horri esker, 50.000 milioi dolar (45.000 milioi euro) desblokeatu ahal izango ditu funts federaletan koronabirusari aurre egiteko.

"Larrialdi nazionala ezartzea erabaki dut; bi hitz garrantzitsu dira horiek. Estatu guztiei larrialdiak kudeatzeko beren zentroak berehala eta modu eraginkorrean martxan jartzeko eskatzen diet", esan du.

Horrez gain, mugak "garaiz itxi" izanaren garrantzia nabarmendu du AEBko presidenteak, eta herrialde osoan larrialdi plan zehatzak aktibatzeko agindua eman du, "medikuei beren lana egiten laguntzeko".

Gauzak horrela, COVID-19 gaitza atzemateko egokitzat jotzen diren analisi guztiak egiteko sektore pribatuarekin akordio batera iritsi direla azpimarratu du Trumpek. "Beharrezkotzat jotzen diren analisi guztiak egiteko lankidetza akordio berria sinatu dugu sektore pribatuarekin, probak egin behar dituzten herritarrek modu seguru eta azkarrean egin ditzaten", nabarmendu du.

Halaber, osasun zerbitzuek erregulazio jakin batzuk aplikatzeari utziko diotela jakinarazi du Trumpek, "gaixoak ahalik eta azkarren aztertu eta beharrezko neurriak hartu ahal izateko". "Ez diegu baliabideei erreparatuko", adierazi du Trumpek, eta Alex Azar Osasun ministroa neurri horien kudeaketaz arduratuko dela iragarri du.

Demokraten kritiken aurrean egin ditu adierazpen horiek Trumpek. Izan ere, koronabirusa atzemateko probekin administrazioak egindako kudeaketa txarra kritikatu dute. Dagoeneko 5.000 pertsona baino gehiago hil dira munduan COVID-19 izenarekin ezagutzen den gaitzaren eraginez. Azken egunetan egoerari garrantzia kendu izana aurpegiratu diote osasun arloko langile askok Trumpi.

"Gogor lan egingo dugu eta aurrerapen handiak egingo ditugu", esan du presidenteak, eta koronabirusaren mehatxuari aurre egingo diotela ziurtatu du. "Indartsuago egingo gara, eta krisi honetaz ikasiko dugu. Aldaketak egin beharko ditugu, baina estatubatuarrak indartsuak gara. (...) Nazio bakar bat ere ez dago gu baino prestatuago krisi honi aurre egiteko", jarraitu du.

COVID-19 gaitza atzemateko proba egiteko aukeraz galdetu diotenean, Trumpek esan du ez duela gaixotasun horrekin bateragarriak diren sintomarik eta aurrerago egingo duela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa