Mundua -

Koronabirusa

Johnsonek hiru asteko konfinamendua ezarri du Erresuma Batuan

Funtsezko produktuak saltzen ez dituzten saltoki guztiek, hala nola arropa eta elektronika dendek, baita kulturako zentroek ere, ateak itxita eduki beharko dituzte.

Erresuma Batua. Argazkia: EFE
Erresuma Batua.
Lehen konfinamendu eguna dute gaurkoa Erresuma Batuan

2:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak gutxienez hiru asteko konfinamendua ezarri die astelehen honetan britainiarrei, koronabirusaren agerraldiari aurre egiteko.

Gauzak horrela, herritarrak erosketak egiteko, egunean behin ariketa fisikoren bat egiteko (korrika egiteko edo oinez zein bizikletan ibiltzeko), arrazoi medikoengatik eta laguntza behar duten pertsonak zaintzeko baino ezin izango dira kalera irten. Horrez gain, lanera joateko aukera ere izango dute britainiarrek, betiere lantokira joatea "guztiz beharrezkoa" den kasuetan.

Erabaki hau hartu aurretik, herritarrei "urruntze soziala" gomendatu zien Erresuma Batuko Gobernuak, eta pubak, jatetxeak eta aisialdirako beste lokal batzuk ixteko agindua eman zuen.

Orain, aldiz, funtsezko produktuak saltzen ez dituzten saltoki guztiek, hala nola arropa eta elektronika dendek, baita kulturako zentroek ere, ateak itxita eduki beharko dituzte.

Gainera, bertan behera geratu dira herritar asko biltzen dituzten ekitaldi eta zeremonia guztiak, ezkontzak eta bataioak barne, hiletak izan ezik.

Parkeek irekita jarraituko dute kirola aire zabalean egin ahal izateko, eta segurtasun-indarrek etxe berean bizi ez diren bi pertsona baino gehiagoren bilerak zigortuko dituzte.

Astelehenean 967 kasu berri atzeman ostean gogortu ditu neurriak Erresuma Batuko lehen ministroak. Halaber, 335 pertsona hil dira azken orduotan herrialdean, aurreko egunean baino 54 gehiago.

"Birus honen hedapena geldiarazteko ahalegin handirik gabe, munduko osasun-sistema batek ere aurre egin ezingo liokeen egoerara iritsiko ginateke, ez litzatekeelako arnasgailu nahikorik egongo, ezta zaintza intentsiboetako oherik, medikurik zein erizainik ere", adierazi zuen Johnsonek.

Hiru aste barru herrialdearen egoera aztertuko du Gobernuak, eta indarrean dauden neurriak "lasaitu" egingo ditu, horretarako baldintza egokiak daudela iritziz gero. "Oraingoz, ez dago aukera  errazik. Aurretik dugun bidea gogorra da, eta egia da tamalez bizitza asko galduko direla", esan zuen Johnsonek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Erresuma Batua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Londres Erizaintza Sendagaiak Boris Johnson Koronabirusa