Mundua -

Koronabirusa

Koronabirusaz kutsatutako pertsona gehien dituen herrialdea da AEB, Txinaren aurretik

New Yorkeko ospitaleak gainezka egiten hasi dira eta ekipamendu-gabezia handiak izan dituzte azken egunetan. Hori dela eta, astelehenerako kanpaina-ospitale bat prest izatea espero dute.

Gizon bat Manhattaneko Times Square kale-gurutzean, hutsik, koronabirusa dela eta. Argazkia: EFE
Gizon bat Manhattaneko Times Square kale-gurutzean, hutsik, koronabirusa dela eta.
Gizon bat Manhattaneko Times Square kale-gurutzean, hutsik, koronabirusa dela eta. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) atzeman dituzte orain arte koronabirusean positibo eman duten pertsona gehien, izan ere, 85.000 herritar baino gehiago kutsatu dira azken asteetan. Ondorioz, dagoeneko atzean utzi dituzte Txinako eta Italiako datuak. New York da kutsatu gehien dituen hiria (39.000 gaixo baino gehiago), eta hango ospitaleetan gainezka egiten hasi dira jada.

Azken egunetan, 1.300 pertsona inguru hil dira AEBn COVID-19aren eraginez. Dena dela, orain arte izandako heriotzen datuek Italia, Espainia, Txina, Iran eta Frantziaren atzetik kokatzen dute oraindik.

Testuinguru horretan, New Yorkeko ospitaleak gainezka egiten hasi dira eta ekipamendu-gabezia handiak izan dituzte azken egunetan, hango osasun arloko langileek azaldu dutenez.

Hedabide batzuen ustez egoera "apokaliptikoa" dute, eta horren aurrean, 1.000 gaixo artatzeko lekua duen kanpaina-ospitale bat prest izango dute New Yorkeko portuan astelehenerako, eta "material medikoz beteta" egongo dela ziurtatu du Donald Trump AEBko presidenteak.

Horrez gain, langabeziak nabarmen egin du gora AEBn hilabete honetan: joan den astean, 3,28 milioi pertsonak eskatu zuten prestazioa, COVID-19ak eragindako geldialdi ekonomikoaren ondorioz lana galdu ostean; 282.000 laguntza-eskaera jaso zituzten aurreko astean.

Halaber, 1982ko atzeraldiarekin alderatuta, igoera oso nabarmena erakusten du datu horrek, 695.000 laguntza-eskaera egin baitziren orduan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Txina Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Italia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Asia Koronabirusa