Mundua -

Pandemia

Trumpek berretsi du ez duela konfinamendu agindurik emango herrialde osoan

AEBko presidenteak errespetatu egiten du Floridako gobernadoreak herritarrei etxean geratzeko eman dien agindua, baina estatuen artean pandemiak egoera "desberdina" bizi duela uste du.

Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: Efe
Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: Efe
Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak berretsi du ez duela herrialde osoaren konfinamendua aginduko koronabirusagatik, estatuen artean pandemiak eragin maila "desberdina" duelako.

"Estatu batzuk desberdinak dira. Estatu batzuek ez dute arazo handirik", adierazi du Trumpek Etxe Zurian koronabirusari buruzko lantaldearekin bildu osteko prentsaurrekoan.

Trumpek esan du "ulertzen" duela Ron DeSantis Floridako gobernadoreak herritarrei etxean geratzeko agindua eman izana, baina gaineratu du "malgutasuna" behar dela estatuen artean, kasu bakoitzaren arabera jokatu behar dela.

"Malgutasun pixka bat eman beharra dago. Alaskan, adibidez, ez dago arazorik, beraz, oso zaila da ixtea", berretsi du.

Trumpek esan du "larria" dela gaixotasuna, eta horregatik aldatu duela tonua, dagoeneko ez duelako koronabirusa ohiko gripearekin konparatzen, pandemiaren lehenengo egunetan egiten zuen moduan.

"Oso kutsakorra dela uste dut. Inork ez du horrelakorik ikusi, pertsona talde handi batek, bat-batean, gaitza duen norbaitekin egote hutsarekin, harrapatu egiten du", adierazi du, osasun alorreko profesionalak "heroi, gerlari, soldadu" gisa txalotu aurretik.

Baina agintaria estatubatuarrak ez du konfinamendu agindurik emateko asmorik COVID-19ari aurre egiteko, nahiz eta kasu gehien dituen herrialdea izan (213.000 baino gehiago).

Hala ere, estatu batzuetan (Florida, Maine eta Arizona) tokian tokiko agintariek etxean geratzera behartu dituzte herritarrak koronabirusaren zabalkundea gelditzeko.

Aireko garraioa

Bestalde, agintari estatubatuarrak aitortu du egoera okerrenean dauden estatuetan aireko garraioa bertan behera uztea ari direla aztertzen, eta ohartarazi du oso mugimendu "gogorra" izan daitekeela.

"Hori egitekotan gaude, baina horri ekitea oso zaila da", adierazi du, eta azpimarratu hegaldi asko kaltetutako estatuen artean egiten direla.

Trumpek iradoki du beste bi ospitale-itsasontzi erraldoi eraikitzekotan direla osasun sektoreari laguntzeko. New Yorken dago orain arteko bakarra, eta 1.000 ohe ditu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Osasun albisteak Koronabirusa