Mundua -

Koronabirusa

Greziak berrogeialdian jarri du errefuxiatuen bigarren eremu bat

Herrialde osoan, 1.673 kasu zenbatu dituzte pandemia hasi zenetik eta 68 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.

Ritsonas eremuan daude errefuxiatuak izan ziren lehenengoak berrogeialdian jartzen. Argazkia: Efe.
Ritsonas eremuan daude errefuxiatuak izan ziren lehenengoak berrogeialdian jartzen
Ritsonas eremuan daude errefuxiatuak izan ziren lehenengoak berrogeialdian jartzen. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako gobernuak errefuxiatuen bigarren eremu bat berrogeialdian jarri duela konfirmatu du, koronabirusagatik positibo bat antzeman ostean. Immigrazio Ministerioak eman du erabakiaren berri, igande honetan bertan.

Positibo eman duen errefuxiatua 53 urteko gizonezko afganiarra da eta bere familiarekin bizi da Malakasako eremuan. Bertan ehunka immigrante eta asilo-eskatzaile daude. Aste honetan, eta beste positibo baten ondorioz, agintariek Ritsonako errefuxiatuen eremua berrogeialdian jartzea erabaki dute.

Kutsatutako errefuxiatua Atenaseko ospitale batera eraman dute kasua gertutik jarraitzeko. Bitartean, osasun arduradunek senitartekoak eta kutsatuarekin azken orduetan harremanetan izan diren pertsonak aztertzen ari dira.

Bestalde, 'Eleftherios Venizelos' ferriko 119 bidaiari ere berrogeialdian jarri dituzte, koronabirus kasu bat antzeman ostean.

Halaber, osasun inspektoreak Tzia irlan izan dira bertan dauden 190 immigranteen egoera aztertzeko. Berrogeialdian daude martxoaren 16tik itsasoan galdutako ontzi turkiar bateko tripulazioan kasu bat eman zenetik.

Grezian 1.673 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin eta 68 hil dira, pandemia hasi zenetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grezia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa