Mundua -

Koronabirusa

Boris Johnson, zainketa intentsiboetako unitatean, osasun-egoerak txarrera eginda

Lehen ministro britainiarrak duela 11 egun harrapatu zuen COVID-19a, eta igande gauean ospitaleratu zuten.

Boris Johnson, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Boris Johnson, artxiboko irudian
Boris Johnson, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson lehen ministro britainiarrak zainketa intentsiboetako unitatera eraman dute, osasun-egoerak txarrera eginda, Downing Streeteko bozeramaile batek astelehen honetan jakinarazi duenez.

Johnsonek, 55 urtekoa bera, duela 11 egun harrapatu zuen COVID-19 gaitza, eta igande gauean ospitaleratu zuten, Londresen, St Thomas Ospitalean; izan ere, koronabirusaren "arintzen ez ziren sintomak" izateagatik.

"Arratsaldean, lehen ministroaren osasun-egoerak txarrera egin du, eta, haren mediku-taldeak gomendatuta, ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatera eraman dute", arratsalde honetan, zehaztu du, ohar bidez, bozeramaileak.

Downing Streetek azpimarratu du Johnson bere kordean dagoela, eta Dominic Raab Atzerri ministroari eskatu diola bere betebeharrak haren gain hartzeko, beharrezkoa denean.

Prentsaurrekoan, arratsaldean, Raabek ziurtatu du asteburutik ez duela Johnsonekin hitz egin. Britainiar diplomaziako buruak zuzendu du goizean pandemiaren aurkako erantzuna koordinatzeko bilera.

"Lehen ministroa bikain ari dira zaintzen. Eskerrik asko osasun–sistema publikoko langile guztiei, lan handia egiten ari baitira", gehitu du Johnsonen bozeramaileak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ezkozia argazkiak Erresuma Batua argazkiak Gaixotasunak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Ingalaterra albisteak Boris Johnson Koronabirusa olatu berria