Mundua -

Coronavirus

Koronabirusaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko erantzuna adostuko du gaur Europak

COVID-19 gaitzaren ondorio ekonomikoak arintzeko Eurotaldearen azken planak hiru zutabe ditu. Alemania, Austria edo Finlandia, besteak beste, eurobonuak emititzearen kontra agertu dira.

Koronabirusaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko erantzuna adostuko du gaur Europak. Argazkia: EFE
Koronabirusaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko erantzuna adostuko du gaur Europak
Koronabirusaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko erantzuna adostuko du gaur Europak. Argazkia: EFE

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak nazioartean eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko neurri berriak onartzea aurreikusten dute gaur, asteartea, Europako Ekonomia eta Finantza ministroek, baina, oraingoz, Espainiak edo Italiak eskatzen dituzten "koronabonuak" emititzeko aukera baztertu dute.

Eurotaldearen azken planak hiru zutabe ditu: batetik, pandemiari aurre egiteko prestatuta dagoen Europako Egonkortasun Mekanismoaren (euroguneko erreskate funtsa) kreditu-lerro bat irekitzea; bestetik, Europako Inbertsio Bankuak inbertsioetarako 200.000 milioi euro bideratzea; eta, azkenik, langabeziaren aurkako Europako funts bat sortzea, maileguetarako 100.000 milioi erabilgarri izango dituena.

Alabaina, proposamen horrek erantzunik gabe uzten ditu Espainiak, Italiak, Frantziak eta beste sei herrialdek egindako eskaerak, eurobonuak emitituz, gaur egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko behar den finantzazioa bermatzeko Europar Batasunaren zorra elkarrekin jaulkitzearen alde. Krisi hori, berriz diote, ez da herrialde jakin baten errua, baina guztiak zigortuko ditu.

Alemania, Austria edo Finlandia, besteak beste, aukera horren kontra agertu dira, Europar Batasuneko herrialde batek zorra ordaintzeko arazoak izanez gero, gainerako herrialdeek elkarrekin haien gain hartu beharko luketelako zorra.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak astelehenean gogora ekarri zuenez, herrialdea proposamen horren aurka dago, eta horren ordez, Europako Egonkortasun Mekanismoa erabiltzearen alde egin zuen, "guztiontzako segurtasuna ematen duen tresna" dela iritzita.

Bestalde, Paolo Gentiloni Europako Ekonomia komisarioak eta Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak "Ekonomia Berreskuratzeko Europako Funtsa" sortzearen alde agertu dira, "funts horren helburu jakinak epe luzerako bonuak jaulkitzea ahalbidetuko lukeelako".

Italiako eta Frantziako komisarioen iritzia, ordea, ez dator bat Europar Batasuneko kide guztiekin. Testuinguru horretan, Europaren susperraldirako balizko "Marshall Plana" EBren 2021-2027 urteetarako hurrengo aurrekontuan oinarritu behar dela uste du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

Dena dela, krisiari berehala erantzuteko hiru neurri onartzea espero dute gaur. Nagusiena Europako erreskate funtsaren esku-hartzea litzateke, kreditu-lerro batekin, eskatzen duten herrialdeei haien BPGaren % 2raino mailegatu ahal izateko, 28.000 milioi inguru Espainiaren kasuan, eta 40.000 milioi inguru Italiaren kasuan (koronabirusaren ondrioz gehien kaltetutako herrialdeak).

Laguntza horiek eskuratzeko baldintzak Greziari emandako finantza erreskateetan eskatutako erreforma programak eta austeritate neurriak baino arinagoak izatea espero da, puntu hori oraindik ixteke dagoen arren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Europa Espainiako Gobernua Espainia Alemania Frantzia Gaixotasunak Herbehereak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Italia Medikuak Erizaintza Sendagaiak Austria Koronabirusa