Mundua -

Koronabirusa

EBk zatituta ekingo dio gaur pandemiaren osteko susperraldiari buruzko eztabaidari

Agintariek lehen bilera egingo dute gaur arratsaldean, baina ez dirudi ados jartzea posible izango denik. Hala, badirudi ekainera arte, gutxienez, ez dutela akordiorik lortuko.

Europar Batasuneko banderak Bruselan. Argazkia: EFE
Europar Batasuneko banderak Bruselan.
Europar Batasuneko banderak Bruselan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) estatuburuek eta gobernuburuek gaur, osteguna, ekingo diote ekonomia suspertzeko funtsari buruzko negoziazioari, bideokonferentzia bidez egingo duten beste goi-bilera batean. Alabaina, arratsaldeko hitzorduan ez da espero erabaki handirik hartzea, ezta akordiorik lortzea ere, estrategia horren ildo nagusiei buruzko lehen eztabaida izango baita; COVID-19 gaitzak eragindako osasun arloko krisia atzean uzten denerako.

Ildo horretatik, Europako liderrek funts horren inguruko oinarrizko ezaugarriak adostea da Charles Michel Europar Kontseiluko presidentearen asmoa, Europako Batzordeari berrabiarazte-plan horren xehetasunak eskatzeko eta datozen zazpi urteetarako EBren aurrekontu berria egiteko.

Oraindik goiz da plan horren irismena zehazteko, baina Bruselak 1,6 bilioi eurora iritsi beharko lukeela aurreratu du azken egunetan. Antza denez, Europar Batzordeak 320.000 milioi euroko zorra jaulkitzea proposatuko die Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak EBko buruzagiei.

Agintariek lehen bilera egingo dute gaur arratsaldean, baina ez dirudi ados jartzea posible izango denik. Hala, badirudi ekainera arte, gutxienez, ez dutela pandemiaren ostean ekonomia suspertzeko funts horren inguruko akordiorik lortuko, EBko agintariek "azkar erantzun" behar dutela "oso jakitun" izan arren.

Negoziazio mahaian hiriburuek azken asteotan iragarri dituzten hainbat proposamen izango dira, besteak beste Pedro Sanchezen gobernuarena, Europar Batzordeak 1,5 bilioi euroko funtsa jaulkitzea eskatzen duena. Baina azken ideia horrek, eta gobernuen esku diru-laguntzen bidez eta ez maileguen bidez uzteak, ez ditu beharrezko babes guztiak.

Sanchezen plana "oso interesgarria" da, Europako goi funtzionario batek adierazi duenez, Europako gobernuen arteko "adostasun elementuak" jasotzen dituelako, susperraldia ez delako "asimetrikoa" izan behar eta merkatu bakarra zatitzea saihestu behar delako.

Alabaina, zorraren mutualizazioa desadostasun handiak sortzen dituen gai polemikoa da, eta gauza bera gertatzen da betierekoa izatearen ideiarekin. "Hitz batzuk ulertzeko zailak dira estatu kide batzuentzat", aitortu dute Europar Batasuneko iturriek.

Alemaniak bezala, Herbehereak ez daude Bruselak bonuak jaulkitzearen aurka, baina bai zor horrek epemugarik ez izatearen aurka. "Batzordeak eperik gabe zorra izatea fenomeno arraroa da, ez da Batzordearen zeregina", diote iturri holandarrek, eta Europako Batzordearen izaera "teknokratikoari" erreparatzen diote, mota horretako zorra estatu kideek soilik jaulki dezaketela azpimarratuz.

Gauzak horrela, badirudi argi dagoela Batzordea arduratuko dela berreskuratze funtsa finantzatzeko bonu komunak jaulkitzeaz, baina eztabaida, hortaz, dirua estatuei transferitzeko moduan dago. Espainiak transferentzia zuzenen egitea eskatu du, baina, Iparraldeko herrialdeek, egin beharreko inbertsioak egin ondoren itzuli behar diren maileguak nahiago dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europa Belgika Espainiako Gobernua Espainia Alemania Frantzia Gaixotasunak Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Austria Koronabirusa