Mundua -
Bi gau lasaien ondoren
Segurtasun neurri handiak jarri dituzte asteburu honetarako, Londresen
Poliziak Gobernu britainiarraren gaitzezpenen kontra egin du haserre, erabilitako erabaki eta taktika guztiak "poliziaren erabakiak" izan zirelako. 1.600 pertsona atxilotu dituzte.
Erredakzioa
Polizia britainiarrak Londreseko kaleak beteko ditu ostiral honetan asteburuan alkohola edaten dutenek iskanbilak ez berpizteko. Astearen hasieran piztu ziren Londresen, eta Erresuma Batuko beste hirietara zabaldu ziren.
Poliziaren komisariordeak, Steve Kavanaghek esan duenaren arabera, 16.000 agente (ohiko 2.500en ordez) izango dira lanean Londresen; bake garaiko hedatze nagusia da.
Nottingham, Birmingham eta Liverpooleko poliziek ere segurtasun neurri handiak jarriko dituzte asteburu honetan, izandako bi gau lasaien ondoren iskanbila larririk aurreikusi ez arren.
1.600 atxilotu
Erresuma Batuan joan den larunbatetik izandako liskarren ondorioz atxilotutakoen kopuruak gora egin du; Justizia Ministerioren arabera, 1.600 atxilotu izan dira, eta horietatik, 796 epaitu dituzte.
Polizia defendatu egin da
Lehen ministro britainiarrak, David Cameronek, uste duen arabera, larunbatean Londresen hasi ziren eta gero beste hirietara zabaldu ziren iskanbilen eta arpilatzeen aurrean poliziak izan zuen lehen erantzuna ez zen egokia izan.
Horren adierazpenak poliziaren erantzun gogor bat egitea eragin du. "Politikoek oporretatik bueltatzea erabakitzeak garrantzi gutxi dauka ordurako erabiltzen ari ziren taktikei dagokienez", azpimarratu du Hugh Ordek, Poliziaren Ofizial Buruen Elkartearen presidenteak.
Bestalde, Scotland Yardeko jarduneko komisarioak, Tim Godwinek, esan duenez, poliziak ez zuen "lotsarekin" jardun larunbateko iskanbilen lehenengo erantzun horretan; eta erabilitako erabaki eta taktika guztiak "poliziaren erabakiak" izan zirela defendatu du.