Mundua -

Maiatzaren 4tik aurrera

Senideei bisitak egitea eta parkeak irekitzea baimenduko ditu Italiak

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak iragarri duenez, hiletak egin ahal izango dira, senideen talde txikiekin, betiere segurtasun neurriak errespetatuta eta maskarak jantzita.

Varias personas pasean por Roma. Foto: Efe.
Varias personas pasean por Roma
Varias personas pasean por Roma. Foto: Efe.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 4tik aurrera, senideei bisita egitea eta parke eta lorategi publikoak irekitzea baimenduko du Italiako Gobernuak, konfinamendua malgutzeko prozesuaren hasieran. Dena dela, ohartarazi duenez, batzar sozialak egiteko baimenik ez da egongo.

Giuseppe Conte lehen ministroak deseskalatze prozesuaren xehetasunak eman ditu. Kirola egitea posible izango dute, metro bateko distantzia gordeta, eta hiletak ere egin ahal izango dituzte, gehienez ere 15 seniderekin, betiere guztiak maskara jantzita eta segurtasun distantzia gordeta eginez gero.

Gainera, maskaren gehienezko prezioa ere ezarri du Gobernuak, 0,50 eurokoa, eta BEZa kentzeko lanean ari da. Gainera, 37,5 graduko tenperatura dutenei kalera ateratzea galaraziko die; etxean geratu beharko dute, beste pertsonekin kontaktua izatea saihestu eta medikuari deitu.

Jatetxeek ere ateak irekitzeko aukera izango dute, baina jatekoa erosi eta etxera eramateko soilik.

Hala ere, maiatzaren 4an jendeak ezingo du askatasun osoz mugitu. Debekatuta izango dute lurralde batetik bestera joatea, baina lurralde bateko udalerrien artean mugitu ahalko dute, betiere lanarekin, osasunarekin eta oinarrizko beharrizanekin lotutako arrazoirik badago.

"Orain birusarekin elkarbizitzen hasi behar dugu. Argi izan behar dugu bigarren fase honetan kutsatzeen kurbak gora egin dezakeela berriro. Arriskua hor dago, eta erantzukizunez jokatu behar dugu", adierazi du Contek.

Maiatzaren 18an, museoak eta liburutegiak

Neurri horiek guztiak indarrean izango dira bi astetan, maiatzaren 18ra arte, eta malgutasun neurriak handituko dituzte orduan: txikizkakoen saltokiek, museoek eta liburutegiek ateak zabalduko dituzte, eta taldeen arteko partidak jokatu ahal izango dira kirol zelaietan.

Hala ere, Conte ez da ausartu esatera Italiako futbol txapelketa noiz jarriko den berriro martxan.

Ekainaren 1ean, tabernak, jatetxeak eta ile-apaindegiak

Ekainaren 1ean, italiarrek beste pauso bat emango dute: tabernak eta jatetxeak zabalduko dituzte, baita ile-apaindegiak, estetika-zentroak eta masajeak ematekoak ere.

Ikastetxeak ez dira ikasturte amaieran zabalduko. Gobernuaren asmoa jarduera irailean hastea da. Contek, gainera, 24.000 irakasle kontratatzeko erraztasunak emango dituztela adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo/eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horiek ez dira nahitaez erabili behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak gaur Koronabirusa