Mundua -

Koronabirusa

Senatua, konfinamendua biguntzeko Macronen Gobernuaren proposamenaren aurka

Goiko Ganberan egindako bozketan, 89 senatarik arbuiatu dute plana, eta 81ek, aldiz, babestu dute; 174 abstenitu dira. Hori bai, emaitza ez da loteslea.

Emmanuel Macron, astelehen honetan, bideokonferentzia batean. Argazkia: EFE.
Emmanuel Macron, astelehen honetan, bideokonferentzia batean
Emmanuel Macron, astelehen honetan, bideokonferentzia batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Senatuak konfinamendua biguntzeko frantziar Gobernuaren proposamena arbuiatu du. Plana Edouard Philippe lehen ministroak aurkeztu du astelehen honetan, eta, egindako bozketa sinbolikoan (izan ere, emaitza ez da loteslea, eta Gobernuak plana gauzatu ahalko du), Goiko Ganberak proposamenaren aurka egin du: 89 senatarik arbuiatu dute plana, 81ek babestu dute, eta 174 abstenitu dira.

Gobernuaren planaren arlo eztabaidagarrienetako bat da maiatzaren 11rako aurreikusita dagoen ikastetxeetarako buelta. Buelta hori, azken egunotan Hezkuntza ministroak eta Philippe berak azaldu dutenez, mailaz mailakoa izango da, eta adin txikieneko ikasleekin hasiko da.

Astelehen honetan, lehen ministroak argudiatu du konfinamendua "erloju-bonba" izan zitekeela, umeen eskolatzean izango lituzkeen ondorioengatik: "Hondamendia litzateke ume eta nerabe zaurgarrienentzat", adierazi du. Philipperen esanetan, horietako askok ez dute euren esku Internet edo elikadura egokia, "eta ez dute beraientzako lekurik". Adingabe horiek, esan duenez, "ikastetxera bueltatzeko aukera izan behar dute".

Beraz, gehitu du, Gobernuaren iritziz lehentasuna du ikastetxeetara bueltatzeak, "osasun-aginduak" ahaztu gabe. Aurreikuspena da geletan gehienez hamabost ikasle egotea, eta buelta mailaz mailakoa eta boluntarioa izatea.

25 urtetik beherako 800.000 herritarrentzako laguntza

Halaber, Philippek iragarri du Gobernuak 200na euroko laguntza emango diela 25 urtetik beherako 800.000 gazteri, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egin diezaioten: "Konfinamenduaren ondorioz, unibertsitate-jatetxeak itxi egin dituzte, gazte askok elikatzeko eta ostatu hartzeko behar duten lana galdu dute, zenbait gazte egoera oso larrian daude", nabarmendu du.

Frantziako Gobernuak astelehen honetan baieztatu duenez, pandemiagatik hildakoen kopuruak 25.000 herritarren muga gainditu du; azken 24 orduotan, 306 lagun zendu dira, COVID-19aren ondorioz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; garraio pubikoan, ahoa estaltzeko maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da, eta gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Frantzia berriak Gaixotasunak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Emmanuel Macron Koronabirusa olatu berria Konfinamenduaren deseskalatzea