Mundua -
Strauss-Kahn auzia
Strauss-Kahnen kontrako karguak kentzeko eskatu du fiskaltzak
Nafissatou Diallo Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari ohia sexu-erasoarengatik maiatzean salatu zuen emakumearen abokatuak fiskalaren ezespena eskatu du.
Erredakzioa
Manhattango fiskaltzak Dominique Strauss-Kahnen kontrako kargu guztiak kentzeko eskatu dio Michael Obus epaileari, CNBC telebista-kateak jakitera eman duenez. Sexu-erasoarengatik salatu zuen maiatzean Nafissatou Diallok Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari ohia.
Cyrus Vance fiskalaren bulegoak politikari frantziarraren aurkako zazpi karguak erretiratzeko eskatu dio epailaeri epai-mozio batean. Gainera, Dialloren abokatuak fiskalaren ezespena eskatu du gaur bertan.
Vance fiskalaren bulegoak kaleratuta txostenaren arabera, ikerketan jasotako froga "fisikoak eta zientifikoak" akusatuak eta salaketa ipini zuen emakumeak "presazko sexu harremana" izan zutela erakusten omen dute, baina fiskalak, lehen aldiz, dio ezin dela frogatu sexu harreman hori "indarra erabilita eta onespenik jaso gabe" izan zen ala ez.
Fiskalaren ezespena eskatu dute
Nafissatou Dialloren abokatuek Cyrus Vance Manhattango fiskalaren ezespena eskatu dute New Yorkeko auzitegi batean, New York Times egunkariak azaldu duenez.
Manhattango Auzitegi Gorenean aurkeztutako eskaeran, Kenneth Thompson abokatuak xehetasun gehiago eskaini ditu. Abokatuaren ustez, zehaztasun horiek Vance fiskalak kasuaren inguruan egindako "gestio okerra" frogatuko dute, eta bere bulegoak Strauss-Kahnen sinesgarritasuna "era desegokian saboteatu" zuela.
Fiskaltzaren ezespena Diallo eta bere abokatua fiskaltzako arduradunekin bildu baino lehenago aurkeztu dute.