Itxi

Mundua

KORONABIRUSA

Brasilgo Osasun ministroak dimisioa eman du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

14.000 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Brasilen eta hildakoak hazten jarraituko dutela uste dute, pandemiaren gailurra datorren hilerako espero baitute.

  • Brasilgo Larrialdietako Arreta Medikoko Zerbitzuko langileak

    Brasilgo Larrialdietako Arreta Medikoko Zerbitzuko langileak. Argazkia: EFE

Nelson Teich Brasilgo Osasun ministroak, hilabete eskas daramala karguan, dimisioa eman du ostiral honetan, Jair Bolsonaro presidentearekin tirabira handiak izan ostean, koronabirusaren aurkako borrokaren inguruan dituen desadostasunengatik.

Teichen dimisioa Osasun Ministerioak berak iragarri du, ohar ofizial labur batean. Teich, administrazio publikoan esperientziarik ez duen onkologoa, Bolsonarok Osasun ministro izendatu zuen Luiz Henrique Mandetta, berrogeialdien defendatzaile sutsua, kargutik kendu ondoren. 14.000 hildako zenbatu dituzte jada Brasilen.

Ministro ohiak apirilaren 16an hartu zuen kargua, Bolsonaro eta Mandettaren arteko tirabirak agerian geratu zirenean, batez ere, COVID-19aren kutsadurari aurre egiteko konfinamendu neurriei Gobernuak egindako kritika gogorren ondorioz.

Une horretan, 2.000 hildako inguru zituen Brasilek, eta 30.000 koronabirus kasu inguru; gaur egun, zifra horiek gora egin dute, eta hazten jarraituko dutela uste dute, pandemiaren gailurra datorren hilerako espero baita.

Iturri politikoen arabera, Teich eta Bolsonaroren arteko ezberdintasunik handienak berrogeialdiei buruzkoak izan ziren, baina baita klorokinaren erabileragatik ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena