Mundua -

Koronabirusa

"Bi egun barru" hidroxiklorokina hartzeari utziko diola ziurtatu du Trumpek

Ordu batzuk lehenago, Kayleigh McEnany Etxe Zuriko Prentsa idazkariak hidroxiklorokinaren erabilera babestu du, "segurua" dela esanda.

Donald Trump, Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE.
Donald Trump, Estatu Batuetako presidentea.
Donald Trump, Estatu Batuetako presidentea. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak "bi egun barru" hidroxiklorokina hartzeari utziko diola adierazi du asteazken honetan.

"Erregimena egun bat edo bi barru amaitzen dela uste dut; bi egunen buruan, uste dut", azaldu du Trumpek, bere taldeko kide batek COVID-19ko proban positibo eman ostean modu prebentiboan hartzen hasi zen botikaren inguruan.

Ordu batzuk lehenago, Kayleigh McEnany Etxe Zuriko Prentsa idazkariak hidroxiklorokinaren erabilera babestu du, "segurua" dela esanda, CNN telebista kateak jakinarazi duenez.

"Hidroxiklorokina 65 urtez lupusa, artritisa eta malariarako erabili den botika da. Profil oso segurua du", nabarmendu du McEnanyk. Hala ere, "edozein sendagai bezala, mediku batek eman behar dio gaixoari, eta, beraz, inork ez du hartu behar errezetarik gabe".

Martxoan eta apirilean, Trumpek hidroxiklorokina koronabirusaren aurkako tratamendu gisa erabiltzea babestu zuen, ondorio positiboak dituela dioten frogak urriak diren arren. Trumpek orduan nabarmendu zuenez, botika hori hartuz gero, gaixoek "ez dute ezer galtzeko", eta prebentzioz erabiltzea ere iradoki zuen.

Ameriketako Estatu Batuetako Elikagai eta Sendagaien Administrazioak koronabirusa duten pazienteekin klorokina erabiltzeko baimena eman du, baina medikuak aginduta bakarrik, bihotzeko arazo larriak eragin baititzake. Botika malaria eta lupusa tratatzeko erabili ohi da.

EiTBk koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko abian jarri duen #Koronabuloak ekimenetik gaia aztertu nahi izan dugu. Adituen esanetan, bi botika horien eraginkortasuna ez da frogatu orain arte abiatutako saiakuntza klinikoetan, eta ohartarazi dute kasu batzuetan albo-ondorio larriak izan ditzaketela.

Aitzitik, MOEk berak bere webgunean ohartarazi duenez, "hainbat botikaren inguruan saiakuntzak egiten ari badira ere, orain arte ez da frogatu hidroxiklorokinak edota beste edozein botikak COVID-19a sendatu edo prebenitu dezaketenik".

AEBn izan du eragin larriena koronabirusaren pandemiak. Orain arte, 1,5 milioi kasu baieztatu dira, 93.000 pertsona baino gehiago hil dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Osasun albisteak Sendagaiak Koronabirusa