Mundua -

Koronabirusa

AEBn 100.000 pertsona baino gehiago hil dira jada COVID-19a dela eta

Beheranzko joera nagusitu arren, 15 estatutan kutsatze kopuruak gora egin duela erakusten dute datuek; besteak beste, Floridan, Virginian, Ipar Karolinan, Arkansasen, Wisconsinen eta Alabaman.

New York (AEB). Argazkia: EFE
New York (AEB).
New York (AEB). Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) dagoeneko 100.000 pertsona baino gehiago hil dira COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz. Ondorioz, kopuru hori gainditzen duen munduko lehen herrialdea da, estatu jakin batzuetan atzemandako kasuen gorakada kezkagarriaren aurrean osasun arloko adituak herritarrei ardura eskatzen ari direnean. Dena dela, agintariek ekonomia suspertzeko ahaleginekin jarraitzen dute.

Johns Hopkins Unibertsitateak AEBn 20:00ak zirenean (osteguneko 00:00ak GMT) zabaldutako datuen arabera, orain arte 100.276 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz herrialdean (asteartean baino 1401 gehiago) eta 1.698.581 herritar kutsatu dira (18.200 azken orduetan).

Horrela, hildakoen kopuruak Etxe Zuriak pandemiaren hasieran egindako estimazio baxuena gainditu du jada; izan ere, koronabirusaren ondorioz hildakoak 100.000 eta 240.000 pertsona artean izango zirela aurreikusi zuen.

Ildo horretatik, Anthony Fauci Gaixotasun Infekziosoen AEBko Institutuko zuzendari eta Etxe Zuriko lantaldeko arduradunetako batek zuhurtziarako deia egin du ekonomia suspertzeko prozesuan, eta arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei.

Hala, gaitzari aurre egiteko operatiboa kudeatzen duten AEBko estatuak oreka aurkitu nahian ari dira lanean jarduera ekonomikoaren bultzadaren eta agerraldi berriak saihesteko zuhurtziaren artean.

Beheranzko joera nagusitu arren, 15 estatutan kutsatze kopuruak gora egin duela erakusten dute datuek; besteak beste, Floridan, Virginian, Ipar Karolinan, Arkansasen, Wisconsinen eta Alabaman.

Kezkatzeko beste arrazoi bat egun hauetan hondartzetan eta bestelako leku publikoetan pilatutako jendetza da, Virginian, Floridan (ekialdeko kostaldean), Alabaman, Texasen eta Louisianan, esaterako. Jende pilaketa horiek kezka eragin dute osasun arloko profesionalen artean, datozen egunetan kasuek gora egingo duten beldur.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea