Mundua -

Frantzia

18 pertsona atxilotu dituzte Parisen, poliziaren indarkeriaren aurkako protestetan

Agenteek gas negar-eragileak erabili dituzte protestetan bildu diren herritarrak sakabanatzeko, eta karga polizialak izan dira hainbat tokitan, bereziki Clichy udalerrian.

Poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazio jendetsua Parisen. Argazkia: EFE
Poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazio jendetsua Parisen.
Hainbat atxilotu Parisen, polizia indarkeriaren aurkako istiluetan

1:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 18 pertsona atxilotu dituzte gaur goizaldean Parisen eta inguruetan, protestak eta istiluak nagusi izan diren gau batean, poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazio jendetsu baten ostean. Zehazki, 2016an atxilotu zutenean hil zen gazte baten autopsia ezagutu ostean deitu dituzte protestak.

Gainera, pertsona bat zauritu da protestetan. Poliziaren arabera, 20.000 pertsona inguru bildu dira manifestazioan, eta ondoren izan diren istiluetan jaurtigaiak jaurti dizkiete eta kalte materialak eragin dituzte hiri-altzarietan eta polizia-etxe batean.

Horren aurrean, agenteek gas negar-eragileak erabili dituzte protestetan bildu diren herritarrak sakabanatzeko, eta karga polizialak izan dira hainbat tokitan, bereziki Clichy udalerrian, Paris iparraldean.

Manifestazioa sare sozialen bidez deitu dute, eta milaka pertsona bildu dira Parisko Justizia Jauregiaren aurrean, COVID-19aren ondorioz herrialdeak osasunaren alorrean bizi duen larrialdi-egoeraren aurrean agintariek espresuki debekatu duten arren.

Protestetan parte hartu duten manifestariek zabaldu dituzten mezuen artean, batzuek Minneapolisen izandako polizia-atxiloketa batean hil zen George Floyd gazte estatubatuarraren sendiari babesa adierazi diote, baina gehienek "justizia" eskatu dute Adama Traorerentzat (2016an Paris iparraldean dagoen Persan herriko jendarmerian hil zen gaztea).

Poliziarekin izandako jazarpen baten ondoren, 24 urteko gaztea Beaumont sur Oise herrian atxilotu zuten. Alabaina, gaztearen familiaren arabera, atxilotzeko erabili zuten teknikaren ondorioz hil zen ordu batzuk geroago, Justiziak peritu bati eskatutako txostenak hipotesi hori baieztatu ez duen arren.

Christophe Castaner Barne ministroak manifestariek erakutsitako indarkeria gaitzetsi du, eta, koronabirusa hedatzea saihesteko, horrelako manifestazioak debekatuta daudela gogorarazi du. "Segurtasun indarrak zoriondu nahi ditut egindako lanagatik", gaineratu du Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Salaketak Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Polizia abusuen biktimak