Mundua -

Koronabirusa

Italiako lehen ministroak pandemiagatik azalpenak eman ditu Fiskaltzaren aurrean

Besteak beste, herrialdeko iparraldean dagoen Bergamoko probintzia zergatik ez zuten segituan bakartu argitu behar izan du Giuseppe Contek.

Giuseppe Conte lehen ministro italiarra. Artxiboko argazkia: EFE
Giuseppe Conte lehen ministro italiarra.
Italiako lehen ministroak fiskalaren aurrean deklaratu du izurriaren kudeaketaz

0:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak testigantza eman du ostiral honetan Fiskaltzaren aurrean, pandemiaren hasieran hartutako erabakiak azaltzeko, eta argitzeko zergatik ez zuten segituan bakartu herrialdeko iparraldean dagoen Bergamoko probintzia. Probintzia hori oso gogor astindu egin zuen koronabirusak.

Maria Cristina Rota Bergamoko fiskala goizeko lehen orduan iritsi da Erromako Chigi Jauregira, alegia, Italiako Gobernuaren egoitzara, eta hiru ordu baino gehiago eman ditu Conte galdekatzen. Conte gertakarien "pertsona informatu”" gisa izan da; oraingoz, ez diote deliturik egotzi.

Gerora, Barne ministro Luciana Lamorgesek eman du testigantza, eta Osasun ministro Roberto Speranzak ere egingo du. Lamorgese eta Speranza ondo dakite nolako egoera zegoen une haietan, alegia, azken hamarkadetan Italiak bizi izan duen osasun-krisirik handienaren hasieran.

Fiskaltzaren asmoa da ebaztea zergatik pandemiak astindu zuen horrenbeste Lombardia, Italiako iparraldean, bereziki Bergamoko probintzia, eta aztertzea erantzukizun politikorik izan zen.

Maiatzaren amaieran, halaber, Attilio Fontana eskualdeko gobernatzailea eta bertako Osasun kontseilari Giulio Gallera ere galdekatu zituzten.

Italiako Gobernuak (5 Izar Mugimendu antisistemak eta zentro-ezkerreko hainbat alderdik osatutako koalizio bat da) eta Lombardiako Gobernuak (ultraeskuindarra den Ligaren esku dago) elkarri egotzi izan diote erantzukizuna, krisiaren lehen egunei dagokienez.

Conte, "lasai": "Zientzia eta kontzientzia kontuan izanik jardun nuen"

Oraingoz, ez dute Conteren testigantzaren gaineko xehetasunik eman, baina lehen ministroak beti esan izan du "lasai" dagoela.

"Fiskalari esan beharrekoa, esango diot, eta ezin dut aurreratu. Dakidan guztia esango dut. Ez nago batere kezkatuta", adierazi zien, duela bi egun, Chigi Jauregiaren aurrean, kazetariei.

Ostiral honetan berriro ere aldeztu du hori, La Reppublica egunkarian egin dioten elkarrizketa batean. Hala ere, ez du luze hitz egin kontu horretaz.

"Berriro ere egingo nuke egin nuen hori; zientzia eta kontzientzia kontuan izanik jardun nuen", esan du Contek, galdetu diotenean orain ere erabaki berdinak hartuko zituen ala ez.

Fiskalek argitu nahi dute zergatik ez zituzten hasiera batetik bakartu Bergamoko probintziako zenbait eskualde, nahiz eta datuek frogatzen zuten koronabirusa bazebilela, kaleetan eta ospitaleetan.

Lombardia (Milan du hiriburua) Italiako eskualderik kaltetuena da: herrialdean izan diren 236.000 kasuetatik, 91.000 bertan izan dira. Guztira, 16.000 lagun hil dira bertan (Italia osoan, 34.000).

Bergamoko probintzian, datu ofizialen arabera, 2.800 herritar hil dira, baina Bergamoko Udalak uste du 6.000 bat lagun zendu direla; izan ere, hainbat hildakori ez zioten COVID-19aren probarik egin, hil aurretik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa olatu berria