Mundua -
Alarma antiterrorista
Alerta AEBetan, I-11n atentatua izateko mehatxu 'sinesgarria' dela eta
AEBetako agintariek ohartarazi dute hiru pertsona, ibilgailu bat eta lehergailuak daudela mehatxuarekin lotuta.
Erredakzioa
AEBetako Gobernuak ohartarazi du irailaren 11ren 10. urteurrenean (igandean) atentatua izateko mehatxu "sinesgarria eta zehatza" dagoela, baina ezin izan dutela "baieztatu". Hori horrela, segurtasun neurriak zorroztea erabaki dute.
Janet Napolitano Segurtasun Nazionaleko idazkariak eta Michael Bloomberg New Yorkeko alkateak agerraldia egin dute, mehatxuaz informatzeko.
Bi agintariek azaldu dutenez, hiru pertsona, ibilgailu bat eta lehergailuak daude mehatxuarekin lotuta, baina ez dute ezer gehiago zehaztu.
Barack Obama AEBetako presidentea informatu egin dute, eta hark esfortzuak areagotzeko deia egin du, Etxe Zuriko funtzionario batek esan duenez.
Hedabideen esanetan, gutxienez hiru susmagarri daude, horietako bat estatubatuarra. Informazio horren arabera, hirurak duela hilebete sartu ziren AEBetan, New Yorken edo Washingtonen bonba-auto edo bonba-kamioi bat zartaraztea helburu.
Kansasen (Misuri) gutxienez bi kamioi desagertu dira, eta herrialde osotik bilatzen ari dira, gertakizunak susmagarriekin lotura izan lezakeelakoan.
Osama Bil Laden hil zuten operazioan atzemandako agiriek erakutsi egin dute Al Kaidako burua zena I-11ko 10. urteurrenean AEBetan atentatua egitea aztertzen ari zela.