Mundua -
Erresuma Batua
Hildako bat eta sei zauritu Glasgowko hotel batean izandako erasoan
Poliziak susmagarria hil egin du eta oraingoz ez dute "beste inor bilatzen". Gertakaria ez dute terrorismotzat hartu, Eskoziako Poliziaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Glasgowko erdiguneko hotel batean labanaz eraso egin duen gizonaren heriotza baieztatu du ostiral honetan Eskoziako Poliziak, eta gertaera terrorista izan dela baztertu du.
"Polizia armatuaren tiro bat jaso duen pertsona hil egin da. Beste sei pertsona ospitalean daude zauriengatik tratamendua jasotzeko, polizia ofizial bat barne, egoera kritikoan, baina egonkor", adierazi du Steve Johnson Eskoziako poliziaburuaren ondokoak, gertakaria izan den lekutik hedabideei egindako adierazpenetan.
Gainerako biktimak 17, 18, 20, 38 eta 53 urteko bost gizonezko dira.
Hedabideek hiru hildakoren berri eman dute polizia iturriak aipatuta, baina hori ez dute ofizialki baieztatu. Gainera, COVID-19 pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz, gertakaria izan zen hotelean turistarik ez zegoela jakinarazi dute; izan ere, hainbat asilo-eskatzailerentzako aldi baterako ostatua zen.
"Gure pentsamenduak zaurituen familiekin daude, gure ofiziala barne (...). Gertakaria ez dute terrorismotzat hartu, eta inguruabarrei buruzko gure ikerketak aurrera jarraitzen du. Jendearentzat ez dago arrisku handiagorik, baina kalea itxita dago eta jendeak eremua saihestu behar du", adierazi du Poliziaren bozeramaileak.