Mundua -

Errusia

Errusiako herritarren % 78k Putinek proposatutako erreforma babestu dute

Bestalde, herritarren % 21,1 Konstituzioan erreforma egitearen aurka agertu da, % 65,5eko parte-hartzea izan duen bozketan, botoen % 99 zenbatuta zabaldutako behin-behineko emaitzen arabera.

Aldaketek, Vladimir Putin 2036ra arte karguan mantentzea ahalbidetzen dute. Argazkia: EFE
Aldaketek, Vladimir Putin 2036ra arte karguan mantentzea ahalbidetzen dute.
Aldaketek, Vladimir Putin 2036ra arte karguan mantentzea ahalbidetzen dute. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidentea 2036. urtera arte karguan jarraitzea ahalbidetzen duten aldaketen alde bozkatu dute errusiarren % 78k, Errusiako Hauteskunde Batzorde Zentralak botoen % 99 zenbatuta zituenean zabaldutako behin-behineko emaitzen arabera.

Bestalde, herritarren % 21,1 Konstituzioan erreforma egitearen aurka agertu dira, % 65,5eko parte-hartzea izan duten hauteskundeetan, orain arte zabaldutako datu ofizialen arabera.

Moskuko galdeketa ikuskatzeko zentroak jakinarazi duenez, "arau-hauste gutxi" egon dira, eta erreferenduma normaltasunez egin dute. Putinek 2151 zenbakia zuen hauteslekuan eman du botoa, Errusiako Zientzien Akademian, herrialdean egiten diren hauteskundeetan bozkatu ohi duen leku berean.

Koronabirusaren ondorioz atzeratu ondoren, Konstituzioaren erreferenduma bozkatzeko prozesua ekainaren 25ean hasi zen, eta asteazken honetan amaitu da. Errusian 6.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte egunean azken astean, eta guztira 654.000 pertsona kutsatu eta 9.500 baino gehiago hil dira COVID-19aren eraginez.

Errusiako Konstituzioan aldaketak egiteko galdeketa apirilaren 22rako deituta zegoen, baina agintariek bertan behera utzi behar izan zuten Putinen etorkizunerako funtsezkoa den bozketa, koronabirusaren agerraldiak eragindako pandemia dela eta.

Errusiako presidenteak, Gobernuko eta Parlamentuko kideek eta subiranotasun eta segurtasun nazionalarekin lotutako goi kargudunek bete beharreko baldintza berriak zehazten dituzte zuzenketek.

Horrez gain, erreforma konstituzionalak Exekutiboaren eta botere legegilearen funtzioak aldatzen ditu, Errusia osatzen duten lurraldeen sezesioa espresuki debekatzen du eta bi agintaldiko gehienezko muga finkatzen du sei urteko presidentetzarako, egungo agintariarentzat izan ezik.

Errusian, Konstituzioaren erreformak onartzeko, herritarrek erreferendumean berretsi behar dituzte. Putinek 68 urte ditu, eta bigarren agintaldia osatzen ari da (2036an amaitu daiteke). 2000 eta 2008 artean Errusiako presidentea izan zen Putin, eta, ondoren, Dimitri Medvedeven esku utzi zuen kargua, eta lehen ministro bihurtu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Asia