Mundua -

AEB-KO BISA

AEBk ez die bisarik emango ikastaroak online egiten dituzten atzerriko ikasleei

AEBko Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuak zehaztu duenez, bisa batzuk dituzten ikasleek "ezin dute online ikastaro oso bat egin eta Estatu Batuetan egon".

Eskolak erabat online ematen dituzten ikasleei ez diete bisarik emango. Irudia: EFE.
Ikasle bat gela batean ikasten.
Eskolak erabat online ematen dituzten ikasleei ez diete bisarik emango. Irudia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Aduanen Immigrazio eta Kontrolerako Zerbitzuak (ICE, ingelesezko siglak) astelehen honetan jakinarazi duenez, datorren seihilekoan koronabirusaren pandemia dela-eta online ikastaroak egiten dituzten ikasle atzerritarrei ez zaie bisarik emango, eta, beraz, herrialdea utzi beharko dute edo deportatuak izateko arriskua izango dute.

Ohar baten bidez ICEk zehaztu duenez, bisak dituzten AEBko ikasleek "ezin dute ikastaro oso bat online egin eta Estatu Batuetan egon".

"Estatu Departamentuak ez die bisarik emango udazkeneko seihilekoan erabat online izango diren eskola eta/edo programetako ikasleei, eta Ameriketako Estatu Batuetako Aduana eta Mugak Babesteko Bulegoak ez die ikasle horiei herrialdean sartzen utziko", gaineratu du.

Dagoeneko AEBn matrikulatuta dauden ikasleentzat beste neurri batzuk hartuko direla iradoki du ICEk, hala nola eskola presentzialak dituzten ikastetxeetara transferitzea. Horrez gain, agentziak zehaztu du salbuespen bat dagoela aurrez aurre eta online klaseen eredu hibridoarekin jarduten duten unibertsitateentzat.

Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate ugarik klaseak online ematea erabaki dute, koronabirusaren pandemiaren ondorioz; izan ere, dagoeneko hiru milioi kutsatu eta 130.000 heriotza baino gehiago utzi ditu herrialde horretan COVID-19ak.

Harvarden, adibidez, CNN telebista kateak jakinarazi duenez, ikastaro guztiak online emango dituzte, campusean bizi diren ikasleei barne. Ondorioz, erakundeko nazioarteko ikasleek AEBtik joan beharko lukete.

Donald Trump presidentearen Administrazioak beste erabaki batzuk ere hartu ditu pandemiarekin lotuta, AEBrako immigrazioa mugatzeko. Joan den hilean, Etxe Zuriak immigrazioari buruzko erabaki bat hartu zuen, legezko immigrazioa mugatzea arautzen zuena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hezkuntza