Mundua -
John Hume
John Hume, Ipar Irlandako bake-prozesuetako giltzarrietako bat, hil da
1998an Bakearen Nobel saria jaso zuen, Ipar Irlandako bake prozesuetan izan zuen garrantziagatik. Alderdi Sozialdemokrata eta Laboristaren sortzaileetako bat izan zena 83 urterekin hil da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
John Hume 1998ko Bakearen Nobel sariduna hil da. Hain zuzen ere, Ipar Irlandako gatazkarekin amaitzeko egindako saiakerengatik jaso zuen golardoa. 83 urte zituen eta Derryko zahar etxe batean zendu da.
Hume 60ko hamarkadan eskubide zibilen aldeko aktibista izateagatik egin zen ezaguna, eta 70eko hamarkadan, beste kide batzuekin batera, Alderdi Sozialdemokrata Laborista (SDLP) sortu zuen. Ipar Irlandako gobernuko kide izan zen eta Westminsterren eserleku bat ere izan zuen.
Hala ere, bere lorpen handiena Ulsterreko gatazkarekin dago lotuta. 1985eko Anglo-Irlandar Akordioari bidea ireki zioten ezkutuko elkarrizketetan parte hartu zuen, nahiz eta azkenean bi aldeek akordioa ukatu. Bere parte-hartzea garrantzitsua izan zen Hume-Adams Prozesuan ere (1994an IRAren lehen su-etena ekarri zuen). Horrela, gainera, 1998ko Ostiral Santuko Akordioei bidea egin zien.
BBCko Ipar Irlandako politikako editorea den Mark Devenporten hitzetan, "ezin da John Humeren Ipar Irlandako prozesuaren aldeko ekarpena nahikoa estimatu". "Urteetan zehar bake akordioaren aldeko 'burmuina' izan zen", adierazi du Devenportek.