Mundua -
Kolonbia
Alvaro Uribe etxean dago atxilotuta, justizia oztopatzeko arriskuagatik
Kolonbiako Justizia Auzitegi Gorenak, iruzur prozesala eta lekukoak erostea leporatuta agindu du Kolonbiako presidente ohia etxean atxilotzea.
Agentziak | Erredakzioa
Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia etxean atxilotzeko agindua eman du astearte honetan Kolonbiako Justizia Auzitegi Gorenak, iruzur prozesala eta lekukoak erostea leporatuta. Kolonbian aurrekaririk ez duen gertakaria da hau; izan ere, lehen aldia da herrialde horretan estatuburu ohi bati horrelako neurria ezartzen zaiola.
Hain zuzen ere, justizia oztopatzeko arriskuagatik agindu dute Kolonbiako Justizia Auzitegi Goreneko bost magistratuek Uribe "behin-behinean etxean atxilotzea".
"Nire askatasuna kentzeak tristura handia eragiten dit nire bikotekidearengatik, nire familiarengatik eta Kolonbiaren alde gauza onak egin ditudala uste duten herritarrengatik", adierazi du Uribek Twitter bidez zabaldutako mezu batean.
Testuinguru horretan, Ivan Duque Kolonbiako gaur egungo agintariak Uriberen "errugabetasunean eta ohorean" sinesten duela nabarmendu du, eta bere ibilbidearekin "Kolonbiako historian leku bat" irabazi duela gaineratu du.
"Bere bi gobernuetan, gure herrialdeak segurtasuna berreskuratu zuen, Kolonbia inbertsioaren buru jarri zen eta justizia sozialean aurrera egin zen. Legezkotasun zentzuz, narkotrafikoari, terrorismoari eta Latinoamerikako erregimen totalitarioei aurre egin zien Uribek", jarraitu du Duquek.
Ildo horretatik, Uribek eta haren familiak "mota guztietako erasoen eta difamazioen, epitetoen eta akusazioen biktima" izan direla kritikatu du.
Kolonbiako senatariak dozenaka prozesu ditu zabalik epaitegietan, bere kontra, hainbat deliturengatik, gehienak talde paramilitarrekin lotutakoak.
Zehazki, agintari ohiak Ivan Cepeda Polo Demokratiko alderdi ezkertiarreko senatari ohiaren aurkako prozesu juridikoa abiatu zuenean hasi zen haren aurkako prozesua, paramilitarrekin ustez loturak izatea leporatu ziotenean.
Gorenak, Cepedaren aurka abiatutako ikerketa itxi zuen, eta ikertua presidente ohia bera izatera pasatu zen, auzitegiak ez zuelako Cepedaren erantzukizunik aurkitu.
Orduz geroztik, bi ikerketa abiatu zituzten Uriberen aurka: bata, ustez paramilitar ohiei Cepedaren aurka deklaratzeko presioa egiteagatik, eta bestea, Juan Guillermo Monsalve paramilitar ohiari Antioquiako autodefentsen sorrerarekin lotzen duen horretan atzera egiteko presioa egiteagatik (2006an desmobilizatu zuen taldea, Uribe Gobernuan zegoela).
Talde paramilitar horiei giza eskubideen urraketarik larrienak egitea leporatzen diete, 220.000 hildako utzi zituen mende erdiko barne-gatazketan, eta narkotrafikoarekin lotura estua izatea.