Mundua -
Hauteskundeen ostean
Bielorrusiako oposizioaren burua erbesteratu egin da, eta protestak etetea eskatu du
"Erabakia neure kabuz hartu dut. Bizitza bakar batek ere ez du balio orain gertatzen ari dena", adierazi du Tijanovskaiak bideo batean.
agentziak | erredakzioa
Svetlana Tijanovskaya Bielorrusiako oposizio bateratuko hautagaiak gaur iragarri duenez, Lituanian erbesteratu da, eta protestak bertan behera uzteko deia egin die bere aldekoei.
"Erabakia neure kabuz hartu dut. Bizitza bakar batek ere ez du balio orain gertatzen ari dena ", esan du Tijanovskaiak bideo batean, Lituaniako Atzerri Ministerioak bielorrusiar oposizioaren burua bere lurraldean babestu dela baieztatu ostean.
Tijanovskaiaren erabakiak harritu egin ditu bai haren aliatuak, baita haren aldekoak eta analistak ere; izan ere, ordu batzuk lehenago, Alexandr Lukashenko herrialdeko presidentearen hauteskunde garaipena onartzen ez zuela esan ondoren, Bielorrusiatik alde egiteko arrazoirik ez zuela adierazi du.
Non zegoen jakinarazi eta gutxira, beste bideo bat kaleratu du, non, aurpegia bere onetik aterata eta paper bat irakurriz, manifestariei eskatzen dien poliziari aurre ez egiteko eta kalera ez ateratzeko, "beren bizitzak arriskuan ez jartzeko".
Bestalde, Lituaniako Atzerri ministro Linas Linkeviciusek azaldu duenez, Tijanovskaia agintari bielorrusiarrek egindako presioen ondorioz iritsi da bertara.
Zehaztu duenez, Bielorrusiako Gobernuak "ez zion irteerari oztoporik jarri, are gehiago, Tijanovskaiak bere herrialdea lehenbailehen utzi ahal izan zezan lagundu zuen".
5.000 atxilotu
Guztira, iturri ofizialen arabera, 5.000 manifestari baino gehiago atxilotu dituzte azken 48 orduetan, eta horri gehitu behar zaio ospitaleetan 200 zauritu baino gehiago daudela.
Europako Batasunak oraindik zigorrei buruz hitz egiteko goiz dela esan duen bitartean, bielorrusiarrek ez dute itxaropen handirik nazioarteko gaitzespen batean.