Mundua -

Bielorrusia

Dozenaka pertsona atxilotu dituzte Bielorrusian, bigarren protesta gauean

Gainera, manifestari bat hil da, lehergailu bat eskuan zartarazita. Protestak hogei bat hiritara zabaldu dira azken orduetan.

Protestak Bielorrusian, Alexandr Lukashenko presidentea berriro hautatu ostean. Argazkia: EFE
Protestak Bielorrusian, Alexandr Lukashenko presidentea berriro hautatu ostean.
Manifestari bat hil da Bielorrusian, bigarren protesta egunean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsona atxilotu dituzte bart Bielorrusian, igandean Alexandr Lukashenko presidentea berriro hautatu ostean sortu diren istiluetan. Izan ere, oposizioak iruzur egitea leporatu dio. Horrez gain, manifestari bat hil da Minsk hirian izandako bigarren protesta gauean.

"Manifestari batek lehergailu bat jaurti nahi izan die segurtasun indarrei, baina eskuan lehertu zaio, eta horrek eragindako zaurien ondorioz hil da", Bielorrusiako Barne ministerioak zabaldu duenez.

Gertakaria Pushkin plazan jazo da, manifestarien eta segurtasun indarren arteko istiluak izan diren tokian. Hain zuzen ere, bertan bildutako herritarrak sakabanatzeko orduan sortu dira liskarrak. Bielorrusiako hedabideen arabera, manifestariek molotov koktelak jaurti dizkiete poliziei. Hori dela eta, hiriburuan milaka agente izan dira lanean egoera kontrolpean hartzeko asmoz.

Poliziak Independentzia plaza itxi du, eta gomazko pilotak, gas negar-eragilea eta ur kanoiak erabili ditu manifestariak sakabanatzeko, baina, tokiko hedabideen arabera, ez dute oposizioko ekintzaileak etxera joatea lortu.

Agintariak bigarren protesta egun bat saihesten saiatu dira, gazte ugari atxilotuta, tartean hirian bizikletan zihoazenak. Horren aurrean, denda askok ez dituzte ateak ireki, eta istiluak hasi direnean, agintariek hiriburuko kale nagusietarako sarbideak itxi dituzte.

Manifestazioak ez dira Minskera mugatu, eta azken orduetan hogei bat hiritara zabaldu dira. Poloniako mugatik gertu dagoen Brest hirian, adibidez, militarrek kaleak hartu dituzte, Poliziaren ordez.

Hauteskundeen emaitzen berri izan ostean, Svetlana Tijanovskaya oposizio bateratuko buruak Lukashenkoren garaipena inpugnatu zuen Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta botoak "lapurtu" dizkietela uste badute "isilik ez geratzeko" eskatu zien herritarrei astelehenean.

Lukashenkok botoen % 80tik gora eskuratuta irabazi zituen hauteskundeak, eta segurtasun indarren jarrera babestu zuen, oposizioari eraikin publikoak hartzeko plan bat burutzea leporatu ostean. Halaber, protestak, besteak beste, Txekiak eta Poloniak deitu dituztela salatu zuen.

Egoera horren aurrean, gaur eguerditik aurrera greba orokorrerako deia zabaldu dute sare sozialetan. AEBk eta Europako hainbat herrialdek, berriz, manifestarien aurka indarra erabiltzeari uzteko eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Delituak Alemania Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak