Mundua -

KORONABIRUSA

Sukarra da, ziurrenik, COVID-19aren lehen sintoma

Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitateko ikerketa baten arabera, koronabirusaren sintomen ordena honakoa izango litzateke: sukarra, eztula, giharretako mina, goragalea eta/edo okadak eta beherakoa.

Termometro bat. Argazkia: EFE.
Termometro bat. Argazkia: EFE.
Termometro bat. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitateko (USC) ikertzaile talde batek COVID-19aren sintomen ordena probablea zehaztu du. Aurkikuntzak arreta mediko goiztiarragoa bilatzen lagun diezaieke kutsatutako pertsonei.

Ikerketak ondorioztatu du, oro har, COVID-19 birusaz kutsatutako pertsona baten lehen sintoma sukarra dela. Eztula eta giharretako mina izango zituen atzetik, gero goragalea eta/edo okadak, eta azkenik, beherakoa.

USCko Michelson Center for Convergent Bioscience erakundean egindako ikerketaren egileek nabarmendu dute COVID-19aren sintomen ordena ezagutzeak gaixoei gaitzari aurrea hartzen eta arreta mediko goiztiarra bilatzen lagun diezaiekeela.

"Orain COVID-19aren tratamenduetarako ikuspegi hobeak daudenez, pazienteak lehenago identifikatzeak ospitaleratze denbora murriztu lezake", argitu du ohar batean Joseph Larsenek, ikerketaren egile nagusi eta USCko irakasleak.

Ikerketak nabarmentzen duenez, sukarra eta eztula askotan arnas gaixotasun askorekin lotzen badira ere, Ekialde Ertaineko arnas sindromea (MERS) eta arnas sindrome akutu larria (SARS) barne, goiko eta beheko traktu gastrointestinaleko sintomek bereizten dituzte COVID-19a duten gaixoak.

"Badirudi COVID-19ak goiko traktu gastrointestinalari (goragaleak eta gorakoak) beheko traktu gastrointestinalari (beherakoa) baino lehenago eragiten diola, eta hori MERS eta SARSaren kontrakoa da", azaldu dute zientzialariek.

Sintomak ager daitezkeen ordenari buruzko informazio horrek beste gaixotasun batzuk baztertzen edo gaixoak nola tratatu planifikatzen ere lagun diezaieke medikuei, ikertzaileen arabera.

Txinako 55.000 koronabirus kasu baieztatu baino gehiagoren sintometan oinarritu da ikerketa, Munduko Osasunaren Erakundeak (MOE) otsailaren 16tik 24ra bitartean bildutakoak.

"Sintomen ordena garrantzitsua da. Gaixotasun bakoitza modu ezberdinean garatzen dela jakiteak esan nahi du medikuek lehenago identifika dezaketela norbaitek COVID-19a edo beste gaixotasunen bat duen, eta horrek tratamenduari buruzko erabaki hobeak hartzen lagundu diezaieke", ondorioztatu du Larsenek.

Frontiers in Public Health aldizkarian argitaratu zituzten aurkikuntza zientifikoak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Osasun albisteak gaur Medikuen albisteak Koronabirusa olatu berria MOE albisteak gaur