Mundua -
Zeelanda Berria
Christchurcheko sarraskiaren egileari biziarteko zigorra ezarri diote
Zeelanda Berrian izandako epaiketa batean lehen aldiz jarri dute zigor hori.
Agentziak | Erredakzioa
Brenton Tarrant Australiako eskuin muturreko terroristari biziarteko zigorra ezarri diote, baldintzapeko askatasunik gabe, Zeelanda Berriko bi meskitari erasotzeagatik.
Zeelanda Berriko Justiziak lehen aldiz jarri dio zigor hori epaitu bati; izan ere, auzitegiaren erabakiak dioen bezala, Tarrant Zeelanda Berriko historiako kriminal eta hiltzaile okerrena da, "zalantzarik gabe".
"Munstro bat" dela jaso dute epaian, eta espetxean hil arte egongo dela. Zeelanda Berriko Justiziak nabarmendu duenez, 51 pertsona hil eta 40 zauritu zituen.
"Zure krimenak oso gaiztoak dira, eta hil arte atxilotuta bazaude ere, ez dira zigor baldintzak aldatuko", esan du Cameron Mander epaileak epaia irakurri duenean. Epailearen esanetan, Tarrant "gorrotoak" bultzatuta aritu zen, itxuraz "enpatiarik gabe", eta "ez zuen errukirik erakutsi" erasoak egin zituen bitartean.
Aurreko ikustaldietan zehar, 51 hilketaren eta 40 hilketa-saiakeraren erruduntzat jo zuen bere burua Tarrantek (29 urte), eta terrorismo karguak ere onartu zituen.
Eskuin muturreko terroristak, gainera, meskitei su emateko asmoz egin omen zien biri eraso, eta hirugarren bati erasotzeko asmoa ere bazuen, baina Poliziak Christchurchetik 85 kilometrora dagoen Ashburton hirirantz zihoala atxilotu zuen.