Mundua -

Eraso islamofoboa

Gutxienez 49 hildako Zeelanda Berrian, bi meskitatan izandako erasoetan

Lehen ministroak 'eraso terrorista' gisa izendatu du. Lau pertsona atxilotu dituzte, hiru gizon eta emakume bat. Halaber, lehergailuak aurkitu dituzte beren autoetan.

Anbulantziak eta poliziak tiroketa gertatu den bi tokietako batean. Argazkia: EFE
Anbulantziak eta poliziak tiroketa gertatu den bi tokietako batean
Gutxienez 49 lagun hil dituzte Zeelanda Berriko bi meskitatan eraso terrorista batean

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zeelanda Berrian, gutxienez 49 pertsona hil dituzte Christchurch udalerriko bi meskitatan izandako tiroketetan, herrialdeko lehen ministroak baieztatu duenez. Oraingoz, lau pertsona atxilotu dituzte —hiru gizon, tartean australiar bat, eta emakume bat—, erasoarekin lotura dutelakoan. Zeelanda Berriko lehen ministroak 'eraso terrorista' gisa izendatu du gertatutakoa. Halaber, lehergailuak aurkitu dituzte atxilotuen autoetan, baina indargabetu egin dituzte.

Agintarien esanetan, gutxienez 10 lagun hil dituzte Lindwoodeko meskitan eta 30, ostera, Al Noorreko meskitan. Gainera, Christchurcheko ospitaleak egindako balantzearen arabera, balaz zauritutako beste 48 pertsona daude, tartean haurrak. Zaurituetako batzuk larri omen daude.

"Lau pertsona atxilotu ditugu. Ezin dugu baztertu beste batzuek ihes egin izana", adierazi du Mike Bush Zeelanda Berriko Polizia buruak.

Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak azpimarratu duenez, herrialdearen historiako egunik beltzenetakoa da. Tiroketa aurrekaririk gabeko "eraso terrorista" gisa definitu du, eta eraso honen erantzuleek Zeelanda Berriko gizartean tokirik ez dutela ziurtatu du. "Gertaturikoa eraso terrorista gisa bakarrik definitu daiteke. Dakigunaren arabera, ondo planeatuta zegoela ematen du", gaineratu du.

Buruzagiaren esanetan, atxilotuak Poliziak fitxatu gabekoak dira.

"Mezu bat bidali nahi diet zuzenean kaltetutakoei. Askorentzat hau ez da beraien jaioterria. Askorentzat Zeelanda Berria hautu bat izan zen (...), asko segurtasunagatik etorri ziren, beraien kultura eta erlijioa praktikatzeko segurua zelako", azpimarratu du.

Scott Morrison Australiako lehen ministroak erasoa gaitzetsi du, eta atxilotuetako bat australiarra dela baieztatu du. "Atxilotuetako bat, jakin ahal izan dudanez, Australian jaiotakoa da", adierazi du buruzagi australiarrak. Horrez gain, Australiako segurtasun agentziak Zeelanda Berriko Poliziarekin elkarlanean ari direla azaldu du.

"Izututa, atsekabetuta eta suminduta gaude, eta guztiz gaitzesten dugu eskuin muturreko terrorista biolento batek gaur egindako erasoa", gaineratu du. Halaber, elkartasuna adierazi die zeelandaberritarrei.

Tiroketako bat zuzenean eman dute sare sozialetan. Irudietan gizon bat meskitan sartu eta tiroka hasten dela ikusten da, inor bereizi gabe. Ondoren, meskitako ate nagusitik atera eta kalean ere tiroka jarraitu duela ikus daiteke, harik eta ibilgailura iritsi den arte.

Halaber, ustez erasotzaileetako batena den manifestu bat ere bolo-bolo zabaldu da sare sozialetan. Bertan, erasoaren arrazoi arrazistak eta xenofoboak azaltzen ditu. "Familia arrunt bateko gizon txuri bat naiz, bere jendearen etorkizuna bermatzeko jarrera bat hartzea erabaki duena".

Erasoa egiteko erabilitako armaren kargagailuetako batean Josue Estebanez irakur daiteke, 2007an Madrilgo metroan Carlos Palomino antifaxista hiltzeagatik zigortutako militar neonazia. Josue Estebanez Galdakaon jaioa da.

Erasoa egiteko armaren kargagailuetako batean Josue Estebanez izena ageri da

Ustezko erasotzaileak sare sozialetara igotako argazkia

Poliziak, bere aldetik, erasoaren balizko arrazoien inguruko xehetasunak ematea baztertu du.

Bestalde, gaur meskita guztiak ixteko agindua eman du Poliziak. Horrez gain, Christchurcheko ikastetxe guztiak eta eraikin publikoak itxi dituzte.

Arratsaldeko lehen orduan gertatutako erasoaren ondotik, Zeelanda Berriko Poliziak bi leherketa kontrolatu egin ditu Auckland hiriburuan, Ipar uhartean. Agenteek azaldu dutenez, Auckland hiriko Britomart tren geltokian aurkitutako poltsak leherrarazi dituzte. Poltsa horien barruan eraikuntzako materiala omen zegoen.

Agintariek alerta maila gorena ezarri dute Zeelanda Berrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Ozeania