Mundua -
Alderdi Liberal Demokratikoa
Japonian agintean dagoen alderdiko buru hautatu dute Yoshihide Suga
Alderdi Liberal Demokratikoa zuzenduko du Sugak 2021eko irailera arte. Horrela, Abek utzitako lekua beteko du, gutxienez urtebetez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Japonian agintean dagoen alderdiak Yoshihide Suga aukeratu du buruzagi. Ondorioz, datozen egunetan lehen ministro izendatuko dute, osasun arazoengatik kargua utzi zuen Shinzo Aberen ordez. Abuztuaren 28an iragarri zuen Abek kargua utziko zuela.
71 urte ditu Sugak, eta Aberekin batera lan egin du 2012tik. Orain, Alderdi Liberal Demokratikoa zuzenduko du 2021eko irailera arte.
Buruzagi berriak 377 boto lortu ditu, baina 535 zeuden jokoan: alderdikideen 394 boto eta alderdi politiko horretako tokian tokiko sailetako 141.
Alderdi Liberal Demokratikoaren barne hauteskundeetan, Fumio Kishiba Atzerri Arazoetako ministro ohia geratu da bigarren, eta Shigeru Ishiba sailkatu da hirugarren.
Aurreikusitako garaipena izan da Sugarena, azken egunotan Alderdi Liberal Demokratikoko sail ezberdinek babesa erakutsi baitiote. Aurretik egindako eztabaidetan, gainera, Aberen ildo politikoari eutsiko ziola hitzeman zuen.
Horrela, asteazken eta ostiral honetan ezohiko saioak egingo dituzte Parlamentuan, lehen ministro berria hautatzeko. Esan bezala, Suga izendatuko dute lehen ministro, Alderdi Liberal Demokratikoak gehiengoa baitu bi ganberetan.