Mundua -

Koronabirusa

Trumpen bozeramaileak ere positibo eman du COVID-19an

McEnanyk positibo eman du beste proba batean negatibo eman ostean. Ez du sintomarik, eta ziurtatu du kazetaririk ez dagoela gertuko harremanen artean.

Kayleigh McEnany Etxe Zuriko bozeramailea. Argazkia: Efe
Kayleigh McEnany Etxe Zuriko bozeramailea. Argazkia: Efe
Kayleigh McEnany Etxe Zuriko bozeramailea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kayleigh McEnany Etxe Zuriko bozeramaileak astelehen honetan jakitera eman duenez, positibo eman du koronabirus probetan eta berrogeialdia hasiko du; hori dela eta, Donald Trump presidentearen inguruan kutsatu diren pertsonen zerrenda luzatu du.

McEnanyk ohar batean azaldu duenez, azken egunetan negatibo eman du, baina astelehen honetan positibo atera zaio. Bozeramaileak lanean jarraituko duela agindu du; izan ere, ez du COVID-19aren sintomarik eta kontaktu estuen zerrendan kazetaririk ez dagoela adierazi du.

Halaber, argitu du ostegunean, azken prentsaurrekoa eman zuenean, oraindik ez zuela Hope Hicks aholkulariaren positiboaren berri.

Trump ostiralean ospitaleratu zuten Washingtongo Walter Reed ospitale militarrean, eta igandean une batez atera zen, ibilgailu batean, inguruan zeuden jarraitzaileak agurtzeko. Bertsio ofizial kontrajarriek espekulazio ugari piztu dituzte azken egunotan bere egoeraren larritasunaren inguruan.

Agintariak normaltasun irudia eman nahi izan du, Interneten hainbat bideo eta Twitterren mezuak jaso ditu gaur goizean, medikuek senda-agiria emateko zain dagoen bitartean.

Melania Trumopere positibo eman zuen, eta azken egunotan jasotako babesa eskertu du Twitterren, eta "ondo" dagoela esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Melania Trump Osasun albisteak Koronabirusa