Mundua -

KORONABIRUSA

Donald Trumpek eta Melania Trumpek positibo eman dute COVID-19an

Gertuko aholkulari batek gaixotasuna duela jakin ostean egin diete PCR proba AEBko presidenteari eta horren emazteari, eta biak kutsatuta dauela baieztatu dute.

Melania Trump eta Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Melania Trump eta Donald Trump
Trump senar-emazteek koronabirusa dute

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak eta Melania Trump emazteak positibo eman dute COVID-19an, Hope Hicks Komunikazio aholkulariak gaixotasuna duela jakin ondoren horren ingurukoei PCR proba egin ostean.

"Gaur gauean, Melaniak eta nik positibo eman dugu COVID-19an. Koarentena eta errekuperazio aldia hasiko dugu berehala. Elkarrekin gaindituko dugu", idatzi du AEBko presidenteak Twitter sarean duen kontuan.

Jair Bolsonaroren eta Boris Johnsonen ostean, gaixotasuna duen nazioarteko hirugarren agintaria da Trump.

Gerora zabaldu den ohar batean Sean Conley presidentearen medikuak azaldu duenez, "presidentea eta lehen dama ondo daude, oraingoz. Etxe Zurian egongo dira koarentenak irauten duen artean".

Hope Hicks aholkulariak hainbat aldiz bidaiatu zuen Air Force One hegazkinean Trumpekin batera. Azken bidaia asteazkenean egin zuten, Minnesotan egin beharreko mitin bat tarteko. Aurrez, Clevelandera (Ohio) joan ziren asteartean, eta Pennsylvaniara, larunbatean.

AEBko komunikabideen arabera, aholkulariak Minnesotatik Washingtonera bueltatzeko bidaian izan zituen gaixotasunaren lehen sintomak, eta hegazkinean bertan bakartu zuten, badaezpada. Ostegunean baieztatu zen koronabirusa zuela. Hicks musukorik gabe ikusi zuten bidaiotan, eta baita Trump ere.

Bestalde, Joe Biden presidentegai demokratak eta haren emazte Jill Bidenek negatibo eman dute ostiral honetan egindako PCR proban.

Hala jakinarazi du Alderdi Demokratak ohar bidez, eta Bidenek berak ere mezua idatzi du Twitterren: "Atseginez esan ahal dizuet Jillek eta biok negatibo eman dugula COVID-19aren proban".  

Halaber, eta zeharka bada ere, Trumpi kritikatzeko baliatu du mezua: "Espero dut maskara erabiltzea, segurtasun-tartea mantentzea eta eskuak garbitzea ezinbestekoa dela gogoratzeko balioko duela honek guztiak".

Gauzak horrela, Bidenek kanpainarekin jarraituko duela baieztatu du Alderdi Demokratak. Biden Michiganera joan da eta Kamala Harris Las Vegasera.

 

Kanpainan eragina

Etxe Zuriak ez du argitu zenbat egunez egongo den isolatuta Trump bikotea, baina AEBko Gaixotasunak Kontrolatzeko Zentroak 15 egun gomendatzen ditu. Hala, kolokan  egon liteke urriaren 15erako aurreikusita dagoen hauteskunde eztabaida.

Askok, Jo Biden aurkari demokratak, besteak beste, kritikatu egin dute Trumpek COVID-19arekin izan duen jarrera arduragabea. Izan ere, musukoa beharrezkoa ez dela eta mitin jendetsuak egin ahal direla esan du behin eta berriro presidente errepublikanoak.

Maskara hizpide izan zuten bi hautagaiek lehen hauteskunde eztabaidan. Trumpek iseka egin zion Bideni jantzita eramategatik: "Nik beharrezko iruditzen zaidanean erabiltzen dut, ez zuk bezala, 600 metrotara egon zaitezke inoiz ikusi dudan musuko handienarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Ameriketako Estatu Batuak Albisteak Gaur Albisteak Donald Trump Melania Trump