Mundua -

Grezia

Urrezko Egunsentia alderdi neonazia erakunde kriminala dela ebatzi dute

Nikolaos Michaloliakos eta alderdi horretako beste zazpi buruzagi neonaziri erakunde kriminal bat zuzentzea egotzi die Atenaseko Apelazio Auzitegiak.

Manifestazio jendetsua egin dute Atenasen. Argazkia: EFE
Manifestazio jendetsua egin dute Atenasen.
Manifestazio jendetsua egin dute Atenasen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urrezko Egunsentia alderdi neonazia erakunde kriminala dela ebatzi du Atenaseko Apelazio Auzitegiak, bost urtez luzatu den prozesu judizialari amaiera emanda. Greziako hiriburuan 20.000 lagun inguru kalera atera dira eta pozik eta txalo artean hartu dute epaia.

Ikerketa 2013ko irailean hasi zen, alderdi horren bulego bateko kafetegian lan egiten zuen pertsona batek Pavlos Fyssas 34 urteko rapero antifaxista labankadaz hil eta gero.

Kasu honetan Urrezko Egunsentia alderdiko 60 kide baino gehiago egon dira auzipetuta, tartean Nikolaos Michaloliakos buruzagia. Hala ere, asteazken honetako saioan horietako hamaika soilik egon dira epaitegian.

Epaiaren arabera, Michaloliakosek eta alderdiko beste zazpi parlamentari ohik zuzentzen zuten talde kriminala. Hamar urte arteko kartzela-zigorra ezar diezaiekete.

Fyssases hilketari dagokionez, Giorgos Roupakias auzipetuak egin zuela frogatutzat eman dute. Guztira, bost delitu leporatu dizkiote.

Horrez gain, arrantzale egiptoar batzuen aurka eta sindikatu baten kontra egindako erasoengatik ere epai-zigortzaileak ezarri dituzte.

La madre del rapero asesinado por un miembro de Amanecer Dorado

(Biktimaren ama, epaiketan. Argazkia: EFE)

Mobilizazio jendetsua Atenasen

Bitartean, manifestazio handia egin dute Atenasko kaleetan barrena, eta bertan izan dira Alexis Tsipras lehen ministro ohia eta Pavlos Fyssasen ama. Guztiek, baina bereziki biktimaren amak, pozik eta hunkituta hartu dute epaia.

Mobilizazioa ikusgarria izan da eta segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte. 2.000 polizia inguru izan dira auzitegiaren inguruan. Istilu batzuk izan dira eta polizia manifestarien aurka oldartu da.

Urrezko Egunsentia Greziako hirugarren talde parlamentarioa izatera iritsi zen, 18 eserleku eskuratuta. Alabaina, azkeneko hauteskundeetan ez zen botoen % 3 biltzeko gai izan eta, ondorioz, egun ez du ordezkaririk Parlamentuan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Epaiketak Grezia Eguneko albisteak Albisteak