Publizitatea
Itxi

2020/10/08

09:04

Mundua

HAUTESKUNDEAK

Eztabaida zibilizatu eta klasikoa, Harris eta Pence presidentegaien artean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ohiko aurrez aurrekoa izan da: elkarri mokoka aritu dira eta galdera deserosoei erantzuteari uko egin diote. Dena den, Trump eta Biden presidentegaien arteko eztabaida baino lasaiagoa izan da.

1:46
Mike Pence eta Kamala Harris, telebista-eztabaidan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) azaroan presidentea aukeratzeko egingo dituzten hauteskundeen atarian, Mike Pence jarduneko presidenteorde eta hautagai errepublikanoaren eta Kamala Harris hautagai demokrataren arteko eztabaida izan da bart.

Pence eta Harris hautagaien artekoa eztabaida klasikoa izan da; elkarri mokoka aritu dira eta galdera deserosoak ez erantzuten saiatu dira. Halaber, Trump eta Biden presidentegaien arteko aurrez aurreko kaotikotik urrun gelditu dira. Are gehiago, AEBko komunikabideen esanetan, eztabaida "zibilizatua" izan da.

Tonua adeitsua izan bada ere, hautagai demokratak eta errepublikanoak talka egin dute gai gehienetan, baina batez ere pandemiaren kudeaketari buruz aritu direnean.

Trump eta Biden presidentegaien arteko aurrez aurrekoan baino etenaldi gutxiago izan dira, baina egon egon dira. "Presidenteorde jauna, hitz egiten ari naiz", esan du lehor Harrisek, COVID-19ari buruz hitz egiten ari zela Pence bera mozten saiatu denean. Presidenteordeak honakoa erantzun dio: "Esku hartu behar dut". Horren harira, "I'm speaking" Trending Topic (TT) izan da Twitterren.

Eztabaidaren lehen minutuak COVID-19ari buruzkoak izan dira, eta hautagaiek diferentzia handiak erakutsi dituzte. COVID-19aren aurkako txertoa adituek gomendatuz gero jarriko duela esan du Harrisek, baina ez Donald Trump presidenteak hala eskatzen duelako.

Harrisen esanetan, errepublikanoek "berrautaketarako eskubidea galdu dute", koronabirusaren krisiaren kudeaketan "porrot historikoa" izan ondoren. Gaineratu duenez, Trumpen administrazioak egin duena historiako porrotik handiena izan da.

Bestalde, Pencek erantzun dio Trumpek hasieratik babestu zituela estatubatuarrak, eta "beste presidenteek baino gehiago" egin duela pandemiaren hasieran.

Euli bat, eztabaidako ezusteko gonbidatua

Bi minutu eta hiru segundo Penceren buruan pausatuta eman duen eulia izan da, zalantzarik gabe, gaueko erregina Ameriketako Estatu Batuetako sare sozialetan.

Penceren ile zuriaren orban ilunak hipnotizatu egin ditu estatubatuarrak, eta Twitterren iruzkinak zabaldu dira.

Intsektuari alde guztietatik ateratako argazkiak zabaldu dira aipaturiko sare sozialean, eta Joe Biden presidenteorde ohiak ere bat egin du eta irudi bat argitaratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena