Mundua -
Irak
16 pertsona hil dira bi bonbak eztanda eginda Bagdaden
Gainera, beste 35 pertsona zauritu dira. Leherketak kafetegi batetik gertu izan dira, bertako biztanle gehienak xiitak izanik.
Erredakzioa
16 pertsona hil dira eta beste 35 zauritu Medinat Sard auzoan, Bagdad ekialdean, bi bonbek eztanda eginda, polizia batek jakitera eman duenez.
Leherketak kafetegi batetik gertu izan dira; bertako biztanle gehienak xiitak dira.
Datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egitea ez dute baztertu iturriek, zenbait zauritu oso larri daudelako.
Asteazkenean 26 lagun hil eta beste 78 zauritu ziren bost lehergailuk Bagdaden eztanda egin ostean. Hiru eraso polizia-etxeen aurka egin zituzten. Bien bitartean, bi eraso segurtasun indarretako patrullak izan zituzten jomuga.
AEBetako indarrak aholkulari gisa herrialdean jarraitzeko aukera aztertzen ari dira Irakeko agintariak.
AEBetako Armadak 2003an inbaditu zuen Irak eta aurten herrialdea behin betiko uztea aurrikusita du, Bagdadek eta Washingtonek 2008ko abenduan sinatutako akordioa betetzeko.