Mundua -

Politika

Mujicaren eta Sanguinettiren agurra: aro baten amaiera Uruguain

Bi presidente ohiek aldi berean utzi dute ibilbide politikoa, pandemiak (arrisku taldean daude biak), nekeak eta etapa baten behin betiko amaierak bultzatuta.

Jose Mujica (ezkerrean) eta Julio Maria Sanguinetti (eskuinean). Argazkia: EFE
Mujicaren eta Sanguinettiren agurra
Mujica presidente ohiaren agur hunkigarria Uruguaiko Senatuan

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ideologikoki aurkari izan dira, eta estrategia politikoan maisu. Jose 'Pepe' Mujica eta Juan Maria Sanguinetti Uruguaiko presidente ohiek aldi berean utzi dute politika.

Bata ezkertiar sutsua, bestea eskuineko kontserbadorea, baina biak ala biak lehiakide handiak, adina gorabehera (Mujicak 85 urte ditu, Sanguinettik 84).

Beharbada patuagatik, baina batez ere biek militantzian erakutsitako temakeriaren ondorioz, saio berean iragarri dute Senatuko eserlekua uzteko erabakia, politikan egindako bide luzea bizkarrean hartuta.

Mujica

Bere janzkera informalak, luxurik gabeko bizimoduak eta hitzaldi filosofikoek gainerako politikarietatik "ezberdin" egin dute Latinoamerikan itzal handia izan duen Mujica presidente ohia.

Oraindik ere, jarraitzaile-oldea du Uruguain, eta inoiz Senatuan boto gehien lortu duen zerrendako senatari bozkatuena izan da.

Bere gobernuan Mugicaren irudiak mundu osoa zeharkatu zuen, eta "munduko presidente txiroena" izendatu zuten soldata etxebizitzen plan batera bideratzeagatik.

Nazioarte mailan emandako berbaldiek eta bere herrialdean aurrera ateratako legeek (berdintasunezko harremanak eta abortuaren eta kalamuaren legalizazioa) oihartzuna eman zioten Uruguaiko mugetatik at ere.

Sanguinetti

Mujicaren profiletik urruti badago ere, itxura berezia dauka Sanguinettik ere, batik bat karikatura eta ilustrazioetan ezagun egin diren bere bekain bitxiengatik. Politikari dagokionez, giltzarri izan da Uruguaiko demokrazian.

Historialaria, idazlea eta abokatua da, baina edozeren gainetik politika maite du. Diktadura osteko lehen presidente hautatua izan zen, eta bi garaitan izendatu zuten presidente: 1985-1990 artean eta 1995-2000 artean.

Ibilbide politikoen bukaera?

Zaila da jakitea Sanguinettiren eta Mugicaren agurra behin betikoa bada. Inork ez du jakingo Senatuko eserlekua uzteko erabakiak politika mundutik aldenduko dituen ala ez. Izan ere, horretarako gai ez direla erakutsi du denborak.

Sanguinettik uko egin zion hautagai izateari eta politika utziko zuela iragarri zuen aspaldi, baina indartsu bueltatu zen 2018an.

Mujicak ere uko egin zion Senatuko eserlekuari 2018an. Urtebete geroago, bere alderdiari laguntza emateko asmoz itzuli zen, hauteskunde garaian.

Orain, batera erabaki dute politikari agur esatea, pandemiak (arrisku taldean daude biak), nekeak eta etapa baten behin betiko amaierak bultzatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Uruguai