Mundua -
HAUTESKUNDEAK AEB
Bigarren eta azken eztabaida "zibilizatuagoa", Trump eta Biden hautagaien artean
Lehen debate kaotikoaren ondotik, Trump eta Biden presidentegaien arteko aurrez aurrekoa sosegatua eta serioa izan da. Dena dela, euren ezberdintasunak agertu dituzte ia gai guztietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), azaroko hauteskundeetarako 12 egun eskas falta direnean, Donald Trump presidente eta hautagai errepublikanoaren eta Joe Biden hautagai demokrataren arteko bigarren eta azken aurrez aurrekoa izan da bart. Bigarren debatea serioa eta sosegatua izan da, lehendabizikoaren guztiz kontrakoa. Orduko hartan, bi hautagaiek elkarri hitza zapaldu zioten etengabe eta ideien eztabaida falta izan zen. Oraingoan, eztabaida izan da. Bakoitzak bere estiloan, beren ezberdintasunak agertu dituzte ia gai guztietan. Pandemia, immigrazioa edota arrazismoa izan dituzte ahotan.
Lehen eztabaida bero eta kaotikoaren ondoren, Donald Trump eta Joe Biden hautagaiek beren ideien gainean eztabaidatu dute. Tentsioa egonik ere, oro har txandak errespetatu dituzte, eta erritmoari eutsi ahal izan diote.
Giro lasaiagoan, bi hautagaiek beren ezberdintasunak agertu dituzte ia gai guztietan.
Lehen hitzarte bakoitzean, hitz egiten ari ez zen hautagaiari mikrofonoa itxi diote, aurrekoa ez errepikatzeko. Koronabirusa hizpide, krisiari aurre egiteko inolako planik ez edukitzea leporatu dio Biden hautagai errepublikanoak Trump hautagai demokratari. Trumpek, bere aldetik, pazientzia eskatu du, haren esanetan, txertoa "aste batzuetako kontua" izango delako. Are gehiago, "urte amaierarako" prest egotea espero du. Gainera, pandemiarekin bizitzen ikasi behar dela nabarmendu du.
"Obamacare" esaten zaion osasun erreforma izan da beste eztabaida gaietako bat. Biden hautagaiak "osasun arreta eskuragarria" defendatu du eta horretarako "Bidencare" izeneko egitasmoa proposatu du, egungo legearen erreforma bat, osasun sistema publikoaren finantzazioa handitzeko. Trumpek, ostera, osasun sistema "sozializatu" nahi izatea egotzi dio Bideni.
Nazioarteko politikari dagokionez, beste herrialde batzuetatik (Txina, Ukraina edo Errusia) dirua jaso izana leporatu diote elkarri. Bidenek ziurtatu duenez, horregatik ez ditu errenta aitorpenak aurkeztu Trumpek. AEBko presidentearen hitzetan, ostera, bere aurkariak 3,5 milioi dolar jaso ditu Moskuko alkate ohiaren emaztearengandik, Hunter semearen bitartez.
Immigrazio gaietan, Obamaren Administrazioak egindako akatsak onartu ditu Bidenek. Presidente aukeratzen badute, lehen 100 egunetan, proposamena bidaliko omen du Kongresura, herrialdean bizi diren 11 milioi inguru etorkinei hiritartasuna emateko.
Era berean, Bidenek Trump kritikatu du, AEBko mugan ehunka adingabe gurasoengandik banatzeagatik. AEBko presidenteak erantzun du adingabe horietako asko "koioteen eta jende txarraren" bidez iritsi direla herrialdera, eta bere Gobernua "ahalegin handia" egiten ari dela arazo hori konpontzeko. Bere burua defendatzeko saiakera batean, Obamaren Gobernuaren migrazio kudeaketa kritikatu du Trumpek. "Nork eraiki ditu kaiolak, Joe? Hitz egin dezagun kaiolak nork eraiki zituen", galdetu du hautagai demokratak.
Biek ala biek arrazakeriari eskainitako blokea baliatu dute komunitate afro-amerikarrari kalte gehiago egin izana elkarri leporatzeko. Eskablotza abolitu zuen Abraham Lincoln salbu, AEBen historian komunitate beltzaren alde gehien egin duen presidentea izan dela esan du Trumpek. Ildo horretan, berriro esan du Trumpek bera ez dela arrazista: "I am the least racist person in this room". Trumpek bere burua Lincolnekin alderatzeak Bidenen iseka eragin du: "Abraham Lincoln hau gure historia modernoan izan dugun presidenterik arrazistenetako bat da. Gasolina isurtzen du sutara".
Bestalde, sare sozialetan, Kristen Walker hauteskunde eztabaidako moderatzailea izan da gaueko irabazlea.
Beste behin argi eta garbi gelditu da Donald Trump eta Joe Biden estilo ezberdineko hautagaiak direla. Boto-emaileek izango dute azken hitza, 12 egun barru.