Mundua -
ERREFERENDUMA
Gehiengo oso zabal batek Konstituzio berri baten alde bozkatu du Txilen
Igandean egindako erreferendumean, Pinochet diktadorearen garaitik indarrean dagoen Konstituzioa bertan behera uztea erabaki dute, botoen % 78,27rekin. Parte-hartzea % 50ekoa izan da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txilen igande honetan egindako erreferendumean emaitza argi eta garbia izan da. Boto-emaileen % 78,27k Augusto Pinochet diktadorearen garaiko (1973-1990) Konstituzioa bertan behera uztearen eta berri bat idaztearen alde bozkatu dute. Erreferendumean parte-hartzea % 50ekoa izan da, inoizko handiena. Egungo presidentearen eskuineko alderdien koalizioak porrota onartu du, izan ere, Konstituzio berria egitearen aurka agertu zen.
Parte-hartzeari dagokionez, egun historikoa izan da. Guztira, zazpi milioi pertsonak parte hartu dute igandeko erreferendumean, botoa emateko eskubidea zutenen % 50,60 inguru. 2012az geroztik, botoa ematea borondatezkoa denetik, Txilen inoiz izan den parte-hartze handiena izan da.
Konstituzio berria idaztea ez ezik, nola egin ere erabaki dute herritarrek. Gauzak horrela, boto-emaileek "Konbentzio Konstituzionala" deituriko bidearen alde egin dute, eta, beraz, zeregin horretarako beren-beregi aukeratutako herritarrek idatziko dute Karta Magna berria, politikarien esku-hartzerik gabe.
Plebiszitua herrialdeak bizi duen krisi sozial eta ekonomikoaren erdian egin dute. Manifestazioak eta protestak etengabeak izaten ari dira, eta 2019ko urritik 2020ko otsailera bitartean, 30 pertsona hil, 34.000 zauritu eta 8.800 pertsona inguru atxilotu zituzten.
Sebastian Piñera Txileko presidenteak porrota onartu du
Sebastian Piñera Txileko presidenteak erreferendumean izandako porrota "irmoa" izan dela onartu du. Vamos Chile eskuineko alderdien koalizioak, Sebastian Piñera bera buru duenak eta Konstituzio berri baten aurka agertu denak, bere porrota "irmoa" eta "gogorra" izan dela onartu du, baina lanean jarraituko dutela azpimarratu du defendatzen dituzten ideiak "prozesu konstituziogile honetan islatuta egon daitezen".
Erreferendumaren lehen emaitzak ezagutu ondotik, parte-hartze datua goraipatu du Piñerak. "Herriak irabazi du" eta "bakea indarkeriaren gainetik" jarri du, gaineratu du.
Txileko presidenteak adierazi du espero duela Konstituzio berri hau "batasunerako, egonkortasunerako eta etorkizunerako" tresna izatea, orain arte Pinochet diktadoreak utzitako Konstituzioak gizartea zatitu duela onartu ondoren.