Mundua -
Turkia
Milaka pertsonak kalean egin dute lo Turkian, 41 hildako utzi dituen lurrikaragatik
Turkiako larrialdi zerbitzuak esan duenez, aurrera jarraitzen dute hondakinen azpian harrapatutako pertsonen erreskate lanek, Esmirna hirian.
Agentziak | Erredakzioa
Egeo itsasoko kostaldea astindu duen 6,8 graduko lurrikarak utzitako hildakoen kopurua 41era igo da. Horietako 39 pertsona Turkian hil dira, eta bi Greziako Samos uhartean. Turkiako Esmirna hirian aurrera jarraitzen dute hondakinen azpian harrapatutako pertsonen erreskate lanak.
Turkiako larrialdi zerbitzuen (AFAD) datuen arabera, momentuz 24 gorpu erreskatatu dituzte, denak Esmirnan, probintzia bereko kostaldeko herri batean tsunamiak itota hil zen emakumea izan ezik. Gainera, 804 zauritu artatu dituzte.
Erreskate lana egiten ari diren eroritako hamazazpi eraikinetako zortzitan bukatu dituzte lanak, baina AFADeko adituek beste bederatzitan jarraitzen dute lanean.
Lurrikarak ez omen ditu suntsitutako eraikinen alboko blokeak kaltetu baina agintariek hor inork ez lo egitea gomendatu dute.
Lurrikara izan zenetik 400tik gora erreplika erregistratu dira. Horietatik, 33 4 gradutik gorakoak izan dira. Gogorrena 5 gradura heldu zen, larunbat goizean.