Mundua -
Austria
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Vienako atentatua
Austriako Barne Ministerioa Estatu Islamikoaren oharra ikertzen dabil, egiazkoa den egiaztatzeko, baina oraingoz ez du ezer argitu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatu Islamikoa talde jihadistak bere gain hartu du astelehen iluntzean Vienan, Austriako hiriburuan, izandako atentatua. Gutxienez, bost pertsona hil eta 20 zauritu zituzten.
Ohar batean talde terrorista horrek esan du kalifatzako soldadu batek egin zuela erasoa, eta erantsi du "30 gurutzatu hil eta zauritu" zituztela.
Hain zuzen ere, zehaztu du Abu Dujana al Albani izan zela erasoaren egilea. "Arma automatiko bat, pistola bat eta laban bat erabili zituen", azaldu dute oharrean.
Austriako Barne Ministerioa, bestalde, Estatu Islamikoaren oharra ikertzen dabil, egiazkoa den egiaztatzeko, baina oraingoz ez du ezer argitu, APA albiste agentzia austriarrak jakinarazi duenez.
Karl Nehammer Barne ministroak prentsaurrekoan aurreratu zuen erasotzailea segurtasun indarrek akabatu zutela, eta Estatu Islamikoaren jarraitzaile bat zela. Gainera, argitu zuen dirudienez erasoan pertsona bakar horrek hartu zuela parte, nahiz eta hipotesi hori ez duten oraindik baieztatu. Haren hitzetan, Kujtim F. gazte mazedoniarra (Austriako nazionalitatea ere bazuen) izan zen erasoaren egilea.