Mundua -

Austria

Vienako erasotzailea Estatu Islamikoaren jarraitzailea zela uste du Austriak

Austriako Poliziak bi pertsona atxilotu ditu astearte honetan Sankt Polten hirian, Vienatik 60 kilometrora, atentatu terroristarekin lotura dutelakoan.

Poliziak Vienako erdigunean. Argazkia: EFE
Poliziak Vienako erdigunean.
Poliziak Vienako erdigunean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Karl Nehammer Austriako Barne ministroak astearte honetan jakitera eman duenez, "zantzu argiak" daude astelehenean Vienako erdigunean izandako "eraso terroristaren" erantzuleak Estatu Islamikoarekin lotura zuela esateko. Bost pertsona hil ziren, tartean erasotzailea, eta beste 17 zauritu.

Barne ministroaren arabera, eraso terroristaren egileetako bat Estatu Islamikoa (EI) talde jihadistaren jarraitzailea zen. 20 urte zituen eta aurrekari penalak zituen. Fejzulai Kujtim zen bere izena, eta atzo gauean Vienako Poliziak hil zuen.

2019ko apirilaren 25ean kartzela-zigorra ezarri zioten EI talde terroristarekin bat egiteko asmoz Siriara bidaiatzen saiatzeagatik, eta abenduaren 5ean baldintzapean aske utzi zuten, APAk azaldu duenez.

Arma automatikoekin eta erdi-automatikoekin hainbat oinezkoren eta taberna eta jatetxeetan zeudenen aurka tiro egin zuen, horien artean, polizia bat. Christoph Mierau Vienako Osasun Idazkaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, 28 urte ditu zauritutako agenteak, eta egoera kritikoan dago oraindik, nahiz eta "egonkor" jarraitzen duen. Hiriburuko sinagoga batean zaintza lanetan ari zela egin zioten tiro.

Nehammerrek astearte honetan esan duenez, "ez dago beste erasotzaile baten zantzurik", baina ez du baztertu bigarren ustezko terrorista jihadista bat egotea.

Miaketak eta atxiloketak

Nehammerrek "hainbat miaketa" eta "atxiloketa" ere egin direla jakinarazi du, baina oraindik ezin du baieztatu erasoa hainbat pertsonak egin ote zuten, bertako prentsak jakitera eman duenez.

Austriako Poliziak bi pertsona atxilotu ditu astearte honetan Sankt Polten hirian, Vienatik 60 kilometrora, atentatu terroristarekin lotura dutelakoan. Gainera, armatutako agenteek bi etxebizitza miatu dituzte hiri horretan, Austria Behereko estatu federatuko hiriburuan.

Gaur goizaldean, bestalde, polizia atentatuaren ustezko egileetako baten etxebizitzan sartu da, Kujtim Fejzulai izeneko gaztearen etxean, bart gauean hil zutena. Karl Nehammer Austriako Barne ministroaren arabera, bere etxebizitzatik gertu sarekada handiak egin zituzten.

Nehammerrek zehaztu duenez, 15 miaketa egin zituzten eta hainbat pertsona atxilotu zituzten.

"75 urtetan zehar Austria demokrazia indartsua izan da, tolerantzia eta zuzenbide-estatua bezalako oinarrizko balioak oinarri izan dituena. Austriako balio demokratikoen aurkako erasoa izan da. Ez dugu onartuko! ", adierazi du Nehammerrek.

Hainbat eraso Vienako erdigunean

Astelehen gauean eraso terroristak izan ziren Austriako hiriburuko erdiguneko sei puntutan, eta hiru hildako eta 17 zauritu izan ziren, horietako sei, larri. Vienako Poliziaren arabera, 20:00ak aldera, hainbat tiro izan ziren Seitenstettengasse inguruan, baina erasoak hiriburuko sei tokitan izan ziren. Astearte honetan, larri zauritutako emakume bat hil dela baieztatu dute agintariek, eta, ondorioz, lau pertsona hil dira: bi emakume eta bi gizon.

Erasotzaileen kopuru zehatzik jakin ez arren, irismen luzeko armak zeramatzaten. Horietako bat hil egin zuten, eta Poliziak uste du beste bat ihes eginda dagoela.

Hiriko alkate Michael Ludwigek adierazi du hil zuten susmagarria "oso ondo prestatuta" zegoela; horren adibide dira erasoa egiteko erabili zituen fusil erdi-automatikoa, pistola eta matxetea. Hala ere, erasotzaileak soinean zeraman lehergai gerrikoa faltsua dela zehaztu du.

Gauean zehar egin zuten bezala, Austriako Gobernuak eta Poliziak gertatutakoaren irudiak eta argazkiak ez zabaltzeko eskatu die herritarrei, era horretara, nahasmena ekidin eta egiazkoa ez den informazioa saihesteko. Gainera, agintarien lana errazte aldera, euren etxeetan egoteko eskatu zaie bizilagunei.

Ildo horretan, Nehammerrek gogorarazi du ikasleak ezin direla hiriburuko eskoletara eta ikastetxeetara joan. Hiriaren erdigunea 'gune gorri' izendatu dute eta Poliziak eta armadak itxi egin dute, Der Standard Austriako egunkariak jakitera eman duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Estatu islamiarra berriak Eguneko albisteak Albisteak Austria