Mundua -

HAUTESKUNDTEAK AEB-N

Demokraten "garaipen argia" iragarri du Bidenek

Boto kontaketaren azken emaitzen zain, Bidenek bere burua Etxe Zurian ikusten du, eta, dagoeneko, "herrialdearen alde lanean hasi dela" esan du.

Joe Biden, AEBko presidente izateko hautagai demokrata, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Joe Biden. Argazkia: EFE.
Etxe Zuria etxetiar berriaren zain, bozen laugarren zenbaketa gaua igarota

2:55

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Estatu Batuetako presidentetzarako hautagai demokrata hatz puntekin ari da garaipena ukitzen. Asteazkenean izandako hauteskundeen boto zenbaketa, oraindik, amaitu ez bada ere, "garaipen argia eta sendoa" eskuratuko duela iragarri du Bidenek, zaleen aurrean. "Lasterketa hau irabaziko dugu", azpimarratu du.

"Behin betiko emaitzak ez baitugu ere, lanean hasi gara, dagoeneko", esan du hautagai demokratak, Wilingtonen (Delaware), ostiral honetan, egin duen hitzaldi laburrean. "Amerikarren alde lanari ekiteko mandatua jaso dugu", esan du.

Boto zenbaketaren azken datuak errepasatu ditu, batez ere, giltzarri diren estatuetakoak, eta "horien arabera, zenbakiak argiak" direla esan du. "Irabazi egingo ditugu hauteskundeak, babes oso zabalarekin, gainera", adierazi du, Kamala Harris presidenteordetzarako hautagaia alboan zuela.

COVID-19ak  Estatu Batuetan izandako eraginari buruz ere aritu da Biden, eta bere garaipena baieztatu orduko, pandemiari aurreko egiteko neurriak hartuko dituela hitz eman du. Urtarrilaren 20an izango da AEBko presidentearen kargu-hartze ekitaldia.

Donald Trump hautagai errepublikanoa bere azken agerraldietan erabiltzen ari den tonutik oso urruti, modu sosegatuan zuzendu da Biden bere jarraitzaileengana, eta mezu "lasaigarria" helarazi nahi izan du: "politikaren helburua ez da gerra anker bat eragitea",  gaineratu du.

Trumpen alde botoa eman duten herritarren hitza entzungo duela esan du, eta horien botoak azkenera arte zuzen zenbatuko diren zalantzarik ez du agertu. Hori bai, iruzurrik ez dela egon eta salaketa hori ez duela onartuko nabarmendu du.

"Gauza bat argi daukat: botoa ematen duten milioika herritarrek zitalkeria alde batera utziko duen politika nahi dute. Gai askorekin ez gara ados egongo, baina gutxienez elkarrekin errespetuz jokatu behar dugu, amorrua eta haserrea atzean utzita", zehaztu du.

Demokraten kanpaina arduradunek ostiral arratsaldeko ekitaldirako behin betiko emaitzak mahai gainean izango zituztela uste zuten, eta Biden presidente hautatu gisa aterako zela hitz egitera. Hainbat estatutan boto-zenbaketa oso motel doa, eta Pensilvania, Georgia, Arizona edota Nevadan gertatuko dena erabakigarria izango da. Halere, ziurtzat ematen da Bidenen garaipena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden Kamala Harris