Mundua -
Bahiketa
Aljerian bahitutako espainiarrak Malin daude
Fronte Polisarioa bahitzaileen ibilgailuak jarraitzen ari da. Espainiako Gobernuak ez du baieztatu Al Kaida izan dela.
Erredakzioa
Asteburu honetan Rabuniko (Aljeria) saharar errefuxiatu-gunean bahitutako hiru langile humanitarioak (horietako bi espainiarrak dira) Mailera eraman dituzte honezkero, Fronte Polisarioak jakinarazi duenez.
Fronteak Magreb Islamikorako Al Kaidari egotzi dio bahiketa.
Bahitutakoak honakoak dira: Enric Gonyalons (Mallorcakoa da, baina Bilbon bizi da eta Mundubat euskal GKEko kide da), Ainhoa Fernandez extremadurarra eta Rosella Urru italiarra.
"Duela ordu eta erdi Malin sartu dira", esan du Mahjoub Salek Polisarioko koordinatzauleak, Europa Press agentzian egindako adierazpenetan.
Fronte Polisarioa bahitzaileak eta bahituak doazen ibilgailuak jarraitzen ari dira, baina bahitzaileak hiru ibilgailutan daude, eta horrek zaildu egiten du operazioa.
Polisarioa harremanetan jarri da bahitzaileekin, betiere Saleken hitzetan, baina oraingoz ezin izan ditu konbentzitu bahituak askatzeko.
Fronte Polisarioak Malin sartu dela ohartarazi die herrialde horretako agintariei, baina Maliren aurkako ekintzarik ez duela egingo gaineratu du.
Gobernuak ez du baieztatu Al Kaida izan dela
Trinidad Jimenez Atzerri Gaietarako ministroak esan du orain arte inork ez duela bere gain hartu bahiketa, beraz, Al Kaida izan dela esatea "espekulazio hutsa" dela iritzi dio.
Jimenezek adierazi duenez, Gobernua diskrezio osoz ari da lanean eta ez da talderik jarri Gobernuarekin harremanetan; hori dela eta, bahiketaren arduradunari buruz "ez espekulatzea" erabaki dute.
Fronte Polisarioak "terroristak" izan direla dio, muturreko islamdarrei erreferentzia eginez, baina Espainiako Atzerri ministroak ez du baieztatu.
Trinidad Jimenezek iragarri du arratsaldean GKEarekin eta Ministerioko kideekin bilduko dela "hartu beharreko erabakiak eta neurriak aztertzeko".
Mallorcako boluntarioaren familiaren ustez, zuhurtasuna mantentzea "beharrezkoa" da
Enric Gonyalons Tindufen (Aljeria) bahitutako Mallorcako boluntarioaren familiaren ustez, "beharrezkoa" da zuhurtasuna mantentzea, kasua era onean argitzeko eta Enric etxera itzuli ahal izateko lehenbailehen.
Bilbon bizi den Gonyalonsen familiak bere konfiantza adierazi die hiru boluntarioak askatzeko lanak egiten ari diren pertsonei.