Mundua -
Kairotik gertu (Egipto)
100 sarkofago baino gehiago topatu dituzte Saqqarako nekropolian
2020ko aurkikuntzarik garrantzitsuena dela esan dute Egiptoko agintariek. Sarkofagoek 2.500 urte baino gehiago eman dituzte itxita, arkeologoen arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Saqqara nekropoli handian, Kairotik gertu, 100 sarkofago baino gehiago topatu dituztela iragarri du Egiptoko Gobernuak. 2020ko aurkikuntzarik garrantzitsuena dela esan dute agintariek.
Jaled al Anani Turismo ministroak zehaztu duenez, 100 sarkofago baino gehiago zigilaturik eta Ptah Soker nekropoliko jainkosaren 40 hileta-maskara aurkitu dituzte, nekropoliaren hiru putzutan, Djoser erregearen piramidetik gertu, 12 metroko sakoneran gutxi gorabehera, Al Ahram Egiptoko egunkariak jakitera eman duenez.
Sarkofagoek 2.500 urte baino gehiago eman dituzte itxita, arkeologoen arabera.
Hilkutxa bateko momiari tomografia egin diote aurkezpen ekitaldian. 40 urte zituela hil zen, 1,75 metroko altuera zuen, osasuntsu zegoen eta ez zuen eritasun hilgarririk, datuen arabera.
Iragan urrian beste 59 hilkutxa aurkitu zituzten toki berean. "Ezkutatzen duenaren % 1 soilik erakutsi digu tokiak", ziurtatu du Al Ananik prentsaurrekoan. "Induskatzen jarraituz gero, litekeena da animalien hilobi gehiago topatzea. Zonalde oso aberatsa da", adierazi du.
Gizako piramideen ondoan eraikiko den museoan ikusgai egongo dira aurkikuntzak, baita Al Asasifeko nekropolian, Luxor hirian, topatutako egurrezko beste hiru hilkutxa (3.500 urte baino gehiago dituzte) ere.