Mundua -

KORONABIRUSA

11 milioi koronabirus kasutik gora eta 246.000 hildako baino gehiago, AEBn

Horrela, pandemiak gogorren jo duen herrialdea da oraindik, 10 milioi kutsatuen marka gainditu eta sei egunera 11 milioi positibo zenbatu baitituzte.

Pandemiak gogorren jo duen herrialdea izaten jarraitzen du AEB. Argazkia: EFE
Pandemiak gogorren jo duen herrialdea izaten jarraitzen du AEB.
Pandemiak gogorren jo duen herrialdea izaten jarraitzen du AEB. Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Wuhan hirian sortutako koronabirus berriaren pandemiak 133.000 kasu berritik gora batu ditu azken 24 orduetan AEBn, eta, beraz, 11 milioi pertsona baino gehiago kutsatu dira dagoeneko eta 246.000 hildako baino gehiago eragin ditu bertan, Johns Hopkins Unibertsitateak argitaratutako azken balantzearen arabera.

Duela sei egun 10 milioi positibo baino gehiago zenbatu ostean, herrialdeak 11 milioi kasuren langa gainditu du dagoeneko. Azken 24 orduetan, 133.045 koronabirus kasu eta 616 hildako gehiago zenbatu dituzte; ondorioz, guztira 11.037.061 pertsona kutsatu eta 246.214 hil dira bertan.

Datu berrien arabera, AEB da oraindik pandemiak gogorren jo duen herrialdea, eta atzetik India du, 8,8 milioi kasu positibo eta 130.000 hildako baino gehiagorekin.

Anthony Fauci Ameriketako Estatu Batuetako pandemiaren kudeaketaren arduradun zientifiko nagusiak CNNri adierazi dionez, 2021eko apiriletik edo uztailetik aurrera normaltasuna berreskuratzen hastea espero du.

Fauciren arabera, Donald Trump AEBko presidentea ez da "duela hilabete batzuetatik" pandemia kudeatzeko talde operatiboarekin bildu, eta Mike Pence presidenteordea da bileretara joaten dena eta bertan esandakoak ondoren Trumpi kontatzen dizkiona.

Faucik esan du arduradun federalek Joe Biden presidente hautetsiaren taldearekin harremanetan jartzeko aukera izan beharko luketela, pandemiaren aurkako borrokan trantsizio lasaia egiten dela bermatzeko. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak uko egin dio hauteskundeetako porrota onartzeari, eta Bidenek iruzurrari esker irabazi duela argudiatu du, inolako frogarik aurkeztu gabe.

Presidente hautetsiaren trantsizio taldearekin elkarlanean hastea komeni ote den galdetuta, ondorengoa esan du Faucik: "Jakina, hobe litzateke haiekin lan egiten hastea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaixotasunak bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump Medikuen albisteak Erizaintza albisteak Covid birusaren olatu berria Biden gaur