Itxi

2020/11/17

08:24

Mundua

MENDEBALDEKO SAHARA

Polisarioak "okupazioa" bukatzea jarri du "gerra amaitzeko" baldintza gisa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Marokok "su-etenarekin konprometituta" jarraitzen duela ziurtatu du Mohamed VI.a erregeak, baina "mehatxuei" erantzungo diela ohartarazi du.

  • Guerguerateko pasabidea, Mendebaldeko Saharan

    Guerguerateko pasabidea, Mendebaldeko Saharan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Mendebaldeko Saharan "gerra ez da amaituko" Marokok "legez kanpo" okupatutako lurraldeetatik alde egin arte, ohartarazi du Mohamed Salem Uld Salek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Atzerri ministroak. Marokok, bere aldetik, "probokazioei" erantzungo diela azpimarratu du.

Fronte Polisarioko buruzagiak ziurtatu duenez, "Maroko izan zen gerra hasi zuena" Guergerateko pasabidea ixteari uko egiteagatik. Urriaren 21etik ekintzaile sahararrek blokeatu zuten Mauritaniako muga, Marokok hura irekitzeko operazio militar bat abiatu zuen arte.

"Marokoko erasoaren eta Guergueraten egindako konfiskazioaren ondorioz hasi da gerra, baita Marokok, NBEren eta Afrikako Batasunaren babespean, gurekin sinatutako akordioa aplikatzeari uko egitearen ondorioz ere", adierazi du Mohamed Salem Uld Salekek komunikatu batean.

"Saharako herriaren baliabide naturalak arpilatzeko eta Afrika drogarekin betetzeko erabiltzen da", gaineratu du.

"Marokok eraso militarra egin du Saharan, eta NBEk ez du ezer egin. Maroko da Mendebaldeko Saharan gerra berriz hastearen erantzulea", salatu du Sidi Omar Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariak.

Fronte Polisarioak Marokoren aurkako erasoen berri eman du azken egunotan. Aldi berean, inguruko herrialdeek eta Nazio Batuen Erakundeak lasaitasunerako deia egin dute.

Maroko "su-etenarekin konprometituta" dagoela esan du Mohamed VI.a erregeak, baina herrialdearen segurtasuna arriskuan jar dezaketen "mehatxu guztien" aurrean erantzungo duela ohartarazi du. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiarekin telefonoz izandako elkarrizketa batean esan ditu hitz horiek Marokoko erregeak, Marokoko Errege Etxeak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;