Mundua -

AEBko hauteskundeak

Bidenek bere garaipena berretsi du Georgian

Funtzionarioek hauteskundeen garbitasuna azpimarratu dute, kontatu ez ziren 5.800 boto aurkitu ondoren.

Bidenek bere garaipena berretsi du Georgian. Argazkia: Artxiboa
Joe Biden
Bidenek bere garaipena berretsi du Georgian. Argazkia: Artxiboa

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Georgia estatuko emaitzen azken zenbaketak Joe Bidenen garaipena berretsi du, 12.284 botoko aldearekin. Duela 28 urte irabazi zuten azkenengoz demokratek bertan.

Brad Raffensperger Georgiako Estatu idazkariak berretsi du Bidenen garaipena. Raffenspergerren arabera, Georgian egindako “lehen kontu-ikuspen historikoak” bertako hauteskunde sistemaren segurtasuna eta doitasuna baieztatu du.

“Honakoa hauteskundeetan tokian tokiko eta konderriko funtzionarioek egindako lanaren aintzatespena da, lan handia egin baitute”, azpimarratu du Raffenspergerrek. Halaber, Bidenen garaipena kolpe gogorra izan da Donald Trumpentzat, emaitzak aldatzea espero baitzuen.

Georgian lortutako 16 ordezkarien babesa lortuta, Bidenek 306 ordezkariren aldeko botoa lortuko du (nabarmen gainditu du 270eko muga), eta Trumpek, berriz, 232rena.

Garaipena, ordea, estua izan da, bi hautagaien arteko aldea % 0,5ekoa baino txikiagoa izan baita. Hortaz, Trumpen taldeak botoak berriz kontatzea eskatzeko aukera izango du, Georgiako legediak emaitzak berretsi baino lehen.

Zenbaketa gardena

Bidenen Georgiako kanpaina-taldeak aditzera eman duenaren arabera, emaitza berriek “esperotakoa erakutsi dute”, eta funtzionarioak zoriondu ditu “aurrekaririk gabeko egoera honetan” egindako lanagatik.

“Bagenekiena baieztatu da. Georgiako hautesleek Joe Biden aukeratu dute Estatu Batuetako presidente gisa”, berretsi du Jaclyn Rothenberg kanpainako zuzendariak.

Aste honetan zehar, Georgiako lau konderritan kontatu ez ziren edo Estatu Idazkaritzara bideratu ez ziren 5.800 boto atzeman dituzte, CNN katearen arabera. Haietako 1.400 Trumpi zegozkionak ziren. Honek guztiak Trumpen teoria konspiratzailea elikatu besterik ez du egin.

Bestalde, funtzionarioek hauteskundeen gardentasuna nabarmendu dute, eta oker horiek giza akatsen ondorio izan zirela adierazi dute, eta iruzurraren teoriak erabat baztertu.

Horren harian, Raffensperger idazkariak adierazi duenez, lehenengo emaitzen eta auditoretzaren arteko desberdintasunak “giza akatsen ondorio dira, eta normala da hori gertatzea botoak eskuz zenbatzen direnean”.  

Azken egunotan, errepublikanoen aldetik kritika ugari jaso ditu Raffensperger idazkariak. Gainera, dimititzeko eskatu diote, “hauteskundeen gardentasuna” ez bermatzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Donald Trump Hauteskundeak Joe Biden