Mundua -

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Joe Bidenek irabazi ditu AEBko hauteskundeak

CNN, CBS eta NBC kateek publiko egin berri dituzten aurreikuspenen arabera, hautagai demokratak eskuratu du Pennsylvania, eta gakoa zen estatu hori Etxe Zurira iristeko.

Joe Biden, hauteskunde gauean. Argazkia: EFE
Joe Biden, hauteskunde gauean.
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautatu dute

3:0

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Etxe Zurirako hautagai demokratak irabazi ditu hauteskunde presidentzialak, AEBko hedabideen proiekzio ia guztien arabera.

CNN, NBC News, ABC eta Associated Pressen kalkuluen arabera, Bidenek lortu ditu jada presidente izateko beharrezkoak diren 270 botoak Pennsylvaniako estatuari zegozkion 20 botoak eta Nevadako 6ak eskuratu ondoren. AEBko hedabideek 17:27 inguruan eman dute ezagutzera azken proiekzioa.

Han irabazita, Bidenek 290 boto izango ditu, eta Donald Trump egungo presidenteak 214.

Oraindik Alaska, Georgia eta Ipar Karolina estatuetako bozketen azken emaitzen zain dira eta lehen hiruetan ere Biden doa buru. Zenbaketak aurrera jarraitzen du, beraz.

Bidenek 77 urte ditu eta AEBko presidenteorde ohia izan zen Barack Obamaren agindupean.

Datorren urteko urtarrilaren 20an hartuko du kargua AEBko 46. presidentea izango denak.

Bidenen lehen hitzak presidente gisa

Publiko egin duen lehen mezuan,  eskerrak eman dizkie estatubatuarrei Bidenek eta "herritar guztiak, demokratak zein errepublikarrak" kontuan izango dituela esan du.

"Amerika, ohore handia da gure herrialde handia gidatzeko aukeratu izana. Aurrean dugun lana gogorra izango da, baina hau agintzen dizuet: estatubatuar guztien presidente izango naiz, nire alde bozkatu edo ez. Nigan jarri duzuen fedearen maila emango dut", idatzi du Twitterren duen kontuan.

Mezu hori errepikatu du bere kanpainatik bidalitako ohar batea ere: "Zintzo eta umiltasunez beteta sentitzen naiz, AEBko herriak nigan eta Kamala Harris presidenteordearengan jarri duen konfiantzagatik. Orain, kanpaina amaitu denean, erretorika gogorra atzean utzi eta nazio gisa batzeko garaia da".

AEBko historian boto gehien lortu dituen presidentegaia ere bada Biden, eta berarekin batera, Kamala Harris kideak ere historia egin du, lehen emakumea izango baita AEBko presidenteorde izaten, baita kargu horretara iritsi den lehen emakume beltza ere.

Twitterren "aurrean lan handia" dagoela esan du Twitterren, eta hasteko ordua dela.

"Hauteskunde hauek ez dira Joe Bideni eta nire buruari buruz. Estatu Batuetako arimaz ari gara, eta horren alde borrokatzearen gure borondateaz. Lan handia daukagu aurretik, has gaitezen", idatzi du.

Demokraten zorion agurrak

Alderdi Demokrataren buruzagi nagusiek zorionak eman dizkiete Biden eta Harrisi. Hillary Clinton hautagai ohiak hautagaitza "historikoa" nabarmendu du. "Hautesleek hitz egin dute, eta Joe Biden eta Kamala Harris hautatu dituzte gure hurrengo presidente eta presidenteorde bezala. Hautagaitz historikoa da, Trumpi gaitzespena, Estatu Batuentzat orrialde berri bat. Eskerrik asko hau gertatzea egin duten guztiei. Momentu honetatik aurrera, elkarrekin", esan du.

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak zera esan du: "Errepublika mantentzea lortu dugu! Zorionak Joe Bideni gure herrialdearen arimaren garaipenagatik. Zorionak Kamala Harrisi historia egiteagatik. Osatzeko eta elkarrekin hazteko momentua da".

Primarioetan Bidenen aurkari nagusia izan zen Bernie Sandersek ere presidente hautatua zoriondu du: "Egun historiko hau posible egiteko hain gogor lan egin duten pertsona guztiak zoriondu nahi ditut".

"Orain eta gure oinarri antolatuen bitartez GUZTIENTZAT eta ez gutxi batzuentzat lan egiten duen gobernu bat sortuko dugu. Justiziaren gainean eraikitako nazioa, eta ez diruzalekeriaren eta intolerantziaren gainean", idatzi du.

Bidenen jaraitzaileak emaitza ospatzera irten dira kalera, batez ere Etxe Zuria inguruan. Denak pozik agertu dira hautagai demokratak irabazi duelako eta Trumpek AEBko presidentea izateari utziko diolako.

Bidenen jarraitzaileak emaitza ospatzera irten dira kalera
Bidenen jarraitzaileak emaitza ospatzera irten dira kalera
Bidenen jarraitzaileak emaitza ospatzera irten dira kalera

2:7

Trump ez dago konforme

Donald Trump ez dago konforme, noski, eta "aukeraketa amaitzetik urrun" dagoela eta Joe Bidenek garaipena "faltsuki" aldarrikatu dituela salatu du.

"Denok dakigu zergatik Joe Bidenek bere burua garailetzat jo duen horrenbesteko presaz, eta zergatik ari diren bere aliatuak laguntzen hain gogor: ez dute egia azaltzerik nahi. Hauteskunde hau amaitzetik urrun dago ", adierazi du Trumpek ohar baten bidez.

"Astelehenetik aurrera, gure kanpaina auzitegietan kasua defendatzen hasiko da, hauteskunde legeak guztiz bete direla eta irabazle egokia aldarrikatua dela ziurtatzeko", azpimarratu du.

Urkullu, Sanchez eta Macronen mezuak

Iñigo Urkullu lehendakariak Estatu Batuetako "presidente berria", Joe Biden, zoriondu du, eta esan du Eusko Jaurlaritzak Euskadik herrialde horretan dituen interesak eta harremanak indartzearen alde lanean jarraituko duela.

"Etapa berri bat hasi da, eta harreman transatlantikoak eta aldeaniztasuna sendotzea espero dugu", esan du lehendakariak.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek ere zorion mezu bat idatzi du Twitterren. Administrazio berriari "suertea" opa dio, eta "prest" agertu da AEBekin kooperatzeko eta erronka globalei "elkarrekin" aurre egiteko.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere hitz egin du: "Estatubatuarrak beren presidentea aukeratu dute. Zorionak Joe Biden eta Kamala Harrisi! Asko dugu egiteko gaurko desafioak gainditzeko! Elkarrekin egin dezagun!".

Bidenen garaipenaren berriak lehendabiziko erreakzioak sortu ditu mundu osoan
Bidenen garaipenaren berriak lehendabiziko erreakzioak sortu ditu mundu osoan
Bidenen garaipenaren berriak lehendabiziko erreakzioak sortu ditu mundu osoan

6:6
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB bideoak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump albisteak Joe Biden azken albisteak Kamala Harris