Mundua -

NATOren operazioa

Rasmussenen bidaia batekin eman du amaitutzat NATOk Libiako misioa

Martxoaren 31n hasi zen operazioa "NATOren historiako arakastatsuena" izan dela azpimarratu du Rasmussen idazkari nagusiak. Halaber, Abdelrahim Elkib izendatu dute Libiako trantsizioko gobernuburu.

Rasmussen gaur Tripolin eginiko agerraldian. Efe
Rasmussen gaur Tripolin eginiko agerraldian. Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NATOk Libian orain dela zazpi hilabete hasitako operazioa atzo eman zuen bukatutzat Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak, bertara egindako bisitarekin. Bisitaldian, Aliantzak herrialde horretako barne-arazoetan parte ez hartzeko erabakia iragarri zuen. Halaber, Abdelrahim Elkib izendatu zuten Libiako trantsizioko gobernuburu.

"Bizitza zibilak salbatzeko Nazio Batuek emandako mandatua exekutatu dute. Misio hori gaur gauen bukatu da. Hemendik aurrera, libiarrek marraztu beharko dute beraien etorkizuna, eta bihartik aurrera autoritate berriak izango dira segurtasuna bermatu beharko dutenak", azaldu zuen Rasmussenek Tripolin eginiko agerraldian.

Aurtengo martxoaren 27an onetsitako eta 4 egun geroago martxan jarritako operazio honek Gadafiren tropen ahalmen militarrak gutxinaka jaitsi ditu. Laguntza honekin, Trantsiziorako Kontseilu Nagusiko (TKN) errebeldeen aurrerapena bultzatu du.

Aliantzako hegazkin eta helikopteroek 26.000 irtenaldi egin dituzte

Danimarkaren eta Norvegiaren laguntzarekin, Frantzia eta Erresuma Batua izan dira operazio honen buruzagiak, haiek hasi baitzituzten, Amerikako Estatu Batuekin batera, Libiako gobernu ohiaren kontrako lehenengo erasoak. Dena dela, NATOk hainbat kritika jaso ditu, batez ere Errusiaren eta Txinaren partetik, beraien ustez ez delako Nazio Batuen mandatuaren araua errespetatzen, hain zuzen ere, inoren aldeko partidarik ez hartzearena.

Moskuk eta Pekinek aurrerantzean NATOren horrelako agindurik beteko ez dutela ohartarazi dute dagoeneko, nahiz eta Rasmussenek azpimarratu duen ez daukatela Sirian sartzeko asmorik, batez ere nazioarteko akordioa lortzea zaila izango delako. Nahiz eta "soldadu asko hil ez diren" eta eragozpen handirik sortu ez den, azken zazpi hilabete hauetan ez da barne-gaitzespenik falta izan, batez ere gehien inplikatu diren herrialdeek (Frantzia eta Erresuma Batua) parte hartu ez dutenei (Alemania) egindakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea