Itxi

Mundua

Koronabirusa

Putinek covid-19aren aurkako txertoa datorren astean ematen hasteko agindu du

agentziak | erredakzioa

Tatiana Golikova lehen ministro ordeak azpimarratu du "boluntarioa" izango dela jasotzea, eta doakoa, errusiarrentzat.

  • Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: Efe

    Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: Efe

Vladimir Putin Errusiako presidenteak datorren aste amaieran herritarrak covid-19aren aurka masiboki txertatzen hasteko agindua eman du, eta txertoa jasoko duten lehenengoak medikuak eta irakasleak izango dira.

Defentsa Ministerioaren osasun zentroen inaugurazioan Putinek, bideokonferentziaz, azaldu duenez, aurki Sputnik V txertoaren bi milioi dosi izango dituzte, eta horrek ahalbidetuko du herritarren artean banatzen hastea.

"Datorren astean txertaketari ekiteko lana antola dezazuela eskatuko nizueke", adierazi dio agintari errusiarrak Tatiana Golikova lehen ministro ordeari, bera baita koronabirusaren aurkako borroka gidatzen duena.

"Azpimarratu nahi dut oraingoan boluntarioki egingo dela", adierazi du Golikovak, txertoa errusiarrentzat doakoa izango dela gogorarazi aurretik.

Golikovak azaldu du aztertzen ari direla zeintzuk izango diren txertoa jasotzen lehenak, baina tartean egongo dira "medikuak eta irakasleak", Putinek batzarrean aurreratu bezala.

Gamaleya zentroak (Sputnik V garatu duenak) eta Errusiako Inbertsio Zuzenen Funtsak (FIDR) aurreko astean adierazi zuten txertoak % 95etik gorako eraginkortasuna duela, eta beharrezko bi dosiek 20 dolar inguruko kostua izango duela.

Putinek txertoa ematea agindu duen egunean izan da Errusian koronabirusak hildako gehien, 589 azken 24 orduetan hain zuzen ere.

Gainera, 25.345 kasu berri atzeman dituzte, ondorioz, 2.347.401 dira guztira pandemia hasi zenetik Errusian covid-19arekin kutsatu direnak.

Errusia da mundu mailan covid-19 kasu gehien dituen laugarren herrialdea, AEBren, Indiaren eta Brasilen atzetik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena